«Osasuntsu jateko ohitura haurtzarotik hartzea komeni da»

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 6a, 11:00
Alix Gereka, Iturengo eskolako jantokiko sukaldaria.

Alix GEREKA AMUNARRIZ iturendar gaztea

Donostian sortua den arren, haurtzaroko lehendabiziko urteak Zubietan pasatu zituen Alix Gerekak: «sei urte nituela joan ginen Iturenera». Iturenen bizi izan zen nerabezaroko urteetan, eta horregatik, akaso, «iturendarra naizela erraten dut». 

Bi herrien gertutasuna barru-barrutik bizi izan du gazteak: «Zubietan ere etxean bezala sentitzen naiz». Gaur egun, Donamarian bizi bada ere, herriarekiko lotura ez du eteten utzi: «egunero joaten naiz eta etxekoei bisita egiteko aprobetxatzen dut».

Batzuk tuperrak eske egiten dute buelta, Gerekak, ordea, tuperra betetzeko arazorik ez du. Are gehiago, egunerokoan sukalde bazterrean egiten du lan: «Iturengo eskolako jangelan sukaldari-lanetan aritzen naiz». Aurten hirugarren ikasturtea du hor, baina lehendik ere ongi ezagutzen zituen zartaginen heldulekuak: «sukaldaritza ikasketak egin ondotik jatetxe batean lan egin nuen».

Batetik bertzera «aldaketa handia» sumatu zuela nabarmendu du: «batetik, kopurua ezagutzea eta menu bera izatea abantaila da; baina, bertzetik, jatetxeko ohiturak eta gustuak aldakorrak dira eta jangelan ez dago aukerarako tarterik». Zentzu horretan, «denen gustua egitea ezinezkoa dela» onartuta, «guztien iritziak eta nahiak kontuan hartu eta ahalik eta hoberen egiten» saiatzen dela kontatu digu. Ahalik eta hoberen egitea zer den galdetuta iturendar sukaldariak ez luke zalantzarik izanen: «tokiko eta garaiko produktuak kontsumitzea». Bere aldetik, «ahal den guztia» inguruan erosten saiatzen da, «osasuntsu jateko ohitura haurtzarotik hartzea komeni delako».

Menuetan ere, arreta berezia jarri izan dio orekari: «ikasketetan ikasitakoaz gain, bertze jangeletako eta aitzineko sukaldariak erabilitako menuak erabiliz nireak sortu nituen». Prestatu eta dastatu: «sukaldean bezainbertze gozatzen dut jaten».

Hamaika zaletasun elikatu ditu plateren bidez: lagunarteko otorduak, parrandara atera aitzineko afariak eta munduko gastronomiari buruzko ezagutza, adibidez. Polonia, Mexiko, Menorca, Portugal eta Galizian ez ezik, Sahara eta Greziako kanpamenduetan ibilia da. Indian izan da udan. Hurrengoa nora ote?

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun