Onddo eta Zizen Kofradiaren besta haundia urriaren 6an ospatuko dute Elgorriagan

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 4a, 18:00

Zubietako joaldunak kalejiran ibiliko dira bainuetxetik herrira eta karrikaz karrika.

Igandeko hogeita seigarren edizioan kofrade berriak izendatuko dituzte

Aurten hogeita seigarren edizioa beteko du Nafarroako Onddo eta Zizen Egun haundiak Elgorriagan, Nafarroako Onddo eta Zizen Kofradiak antolatua. Urriaren 6an, igandean Elgorriagara joaten direnek onddo eta bertzelako produktuak dastatzeko aukera paregabea izanen dute.

Igande goizeko 9:30ean harrera eginen zaie kofradiei bainuetxean eta Zubietako joaldunekin eta Irungo Anakako musika bandarekin desfilea eginen dute herriraino. 10:00etan meza ospatuko da, Abesbatzak kantatua. Ondotik kofrade berrien izendapena eginen da. 11:00etan Zubietako joaldunak eta Anaka bandakoak karrikaz karrika ibiliko dira, kofradietako kideekin batera. Eguerdian, ohiko kaxuela lehiaketa eginen dute frontoian, Juanito Mariezkurrena zenaren omenez. Ondotik, kaxuela txapelketaren sari-banaketa eginen dute, nafar produktuen eta onddoen dastaketa, baita zozketak ere.

14:00etan bazkaria izanen dute bainuetxeko jatetxean eta 16:00etan zirkuitu termikoa bainuetxean, biak gonbidapenarekin. 18:00etatik 21:00etara dantzaldia izanen dute bainuetxearen terrazan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun