Mikro-ipuin eta ilustrazio lehiaketa antolatu dute Zubietan

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 3a, 06:00
Joan den urteko parte-hartzaileak, saria esku artean dutela. Argazkia: Izaskun Zubialde.

Parte-hartzaile bakoitzak lan bakarra aurkez dezake eta lanak udaletxean bilduko dira urriaren 9a arte

Euskararen Egunaren aitzakiapean,  Zubietako Udalak herriko gaztetxoentzat II. mikro-ipuin eta ilustrazio lehiaketa antolatu du. Lanak urriaren 9a baino lehen aurkeztu beharko dira eta sari-banaketa Euskararen Egunean eginen dute.

Ilustrazio lehiaketan bederatzi urtetik beheitikoek har dezakete parte eta Izaskun Zubialdek idatzitako Euskaraz bizi nahi dut  mikro-ipuin argitaragabea ilustratu beharko dute, A4 formatuko orrian, nahi diren margoak eta teknikak erabiliz. Mikro-ipuin lehiaketa, berriz, hamar urtetik goitikoei bideratua bada ere, ttikiagoek ere parte har dezakete. Kasu horretan, gai bera izanen da oinarri. Ipuina gehienez ere 100 hitzekoa (eskuz edo ordenagailuz idatzita), originala, argitaratu gabea eta beste lehiaketetan erabili gabea izan behar du. Ipuin lehiaketara aurkeztutako lanak, adinaren arabera, hiru kategoriatan banatuko dituzte: 10-12 urtekoak; 13-16 artekoak; eta 16tik goitikoak.

Lanak aurkezteko epea

Lanak udaletxean aurkeztu beharko dira, urriaren 9a baino lehen eta datu pertsonalik gabe (goitizen batekin). Aurkezteko bi gutun-azal beharko dira: handia eta txikia. Txikian, kanpoko aldean, goitizena idatziko da, eta barruan egilearen datuak (izen-abizenak eta adina); handian, berriz, idazlana eta gutun-azal txikia. Parte-hartzaile bakoitzak lan bakarra aurkez dezake.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun