Cederna Garalur Elkarteak 15 ikastaro programatu ditu azken hiru hilabeterako, enpresei eta ekintzaileei bideratuta. Dohainik izanen diren ikastaro horiek gehienez 4 orduko iraupena izanen dute, eta Arbizu, Auritz, Doneztebe, Izize, Lekunberri, Irunberri, Otsagabia, Zangoza eta Zubirin izanen dira. Berrikuntza gisa, turismo-sektorera bideratutako sei lantegi nabarmendu behar dira, bezeroekiko arreta-zerbitzuari buruzkoak. Lantegiak Arbizu, Lekunberri, Auritz, Doneztebe, Otsagabia eta Irunberrin izanen dira. Doneztebekoa, ‘Jendeaurreko arreta: bezeroa nola zaindu, salmenta on bat ahaztu gabe’ tutoriala, urriaren 15 eta 17an eskainiko dute, 10:00etatik 13:00etara. Izen-ematea 606 431357 telefonoan edo bidasoa@cederna.es helbide elektronikoan egin daiteke.
Ziurtagiri digitalari eta ogasunarekiko izapideen kudeaketari eta ogasunarekikoak betetzeko dokumentazioa antolatzeari buruzko lantegiak ere emanen dira; Zubiri, Lekunberri, Izize eta Zangozan. Prestakuntza-ekintzei amaiera emateko, elkarteak aurrez lantegietan parte hartu duten pertsonentzat tutoretza-saio pertsonalizatua programatu du Antsoainen duen egoitzan, abendurako.
Elkarteak bere web-orrialdean harremanetarako kontaktuak jarri ditu prestakuntza-ekintza horietan izena emateko.
Prestakuntza-programa hau Nafar Lansare - Nafarroako Enplegu Zerbitzuak finantzatzen du, eta Nafarroako Kutxa Fundazioaren eta La Caixa Gizarte Ekintzaren babesa dauka, Innova Social programaren bidez.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!