Doneztebeko merkatari eta zerbitzuen elkarteak elkartasuna adierazi dio Mikelo ostatuari, besta ttikietan egin zituzten txikizioengatik

Ttipi-Ttapa 2019ko ira. 27a, 07:15

Doneztebeko merkatari eta zerbitzuen elkarteak, elkarte bereko kide den Mikelo ostatuari babesa adierazi dio, «irailaren 21ean gertatutako ezbeharrengatik».

Elkartetik, «egoera hauek saihestu» nahi dituztela adierazi dute, «bai establezimendua, baita herriaren irudia kaltetzen dutelako». Gaur egun, zerbitzu bat martxan jarri eta mantentzearen «zailtasuna» ere adierazi dute, «mota horietako ekintzak oztopoak besterik ez dira».

Gazte Burrunbaren «amorrua»

Gazte Burrunbak «herri osoan gertatu diren ezbeharrak» direla eta, «amorrua» adierazi du. «Ilusioz» antolatutako besten balorazio «gazi-gozoa» egin dute: «bi egunez herri-giro izugarria izan zen, baina igande goizean herrian barna zeuden hondamendiak lotsagarriak izan ziren». Horren aitzinean «errespetuzko jarrerak» aldarrikatu dituzte.

Astelehenean Mikelo ostatuaren hondarreko eguna

Mikelo ostatua itxita egon zen igandean, «gaupasan egindako txikizioak direla eta, itxita» oharra irakur zitekeen sarrerako atean. Gainera, atzo Facebooken adierazi zuenez, heldu den astelehenean, irailaren 30ean, «behin-betiko» itxiko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun