Malerrekako eskuz binakako hemezortzigarren pilota txapelketarako izen emateko epea zabalik

Ttipi-Ttapa 2019ko ira. 27a, 12:00
2020ko otsailaren 22an jokatuko dituzte finalak.

Urriaren 31 arte apunta daiteke Errekak antolatutako txapelketan

Doneztebeko Erreka Elkarteak antolatutako Malerrekako XVIII. eskuz binakako pilota txapelketan izen emateko epea zabaldu dute urriaren 31 arte. Heldu den urteko urtarrilaren erdialdera hasita, zazpi kategoriatan banatuak ariko dira pilotariak: benjaminak, alebinak, infantilak, kadeteak, jubenilak, bigarren mailako seniorrak eta senior elite. Kategoria guztietan lehiaketa irekia izanen da, seniorretako bi kategorietan izan ezik, hauetan pilotariak gonbidatu eginen baitituzte.

Kanporaketa moduan jokatuko da txapelketa eta finalak otsailaren 22an jokatuko dituzte. Izen ematea posta elektroniko bidez egin daiteke (salaae@gmail.com) eta izen emateko orrian, telefonoaren zenbakia eta posta elektroniko helbide bat jarri behar dira. Parte hartzeko federazio lizentzia eguneratua ere derrigorrezkoa da eta kategoria bakoitzeko, gehienez ere 36 bikote onartuko dituzte.

Benjamin, alebin, infantil, kadete eta jubenil mailako partidak igande goizetan jokatuko dituzte eta senior mailakoak, bigarren mailan nahiz eliten, asteazken arratsaldetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun