«Gazteek ez dituzte bestak guk adina estimatzen»

Ttipi-Ttapa 2019ko ira. 6a, 09:15

Jaime Urroz, Oizko alkatea.

Jaime URROZ TELLETXEA Oizko alkatea

Aurkeztu zure burua. 
Agorteneko borda baserrian sortu eta bizi den oiztarra, lanbidez igeltseroa eta lanetik kanpo azienda artean ibiltzen dena.

Zein dira zure afizioak?
Denborarik ez dudanez, afizio zehatzik ez dut. Astez lan egin eta asteburuan ahal bada atseden hartzea gustatzen zait. 

Herriko alkate izan zara aitzineko agintaldian... 
Bai. Bertze batzuk sartu arte segitzen dugu. Ea  urrian norbait sartzen den… Taldea osatzea ez da aski, ardurak hartu eta bete egin behar dira eta jendeak ez du nahi. 

Zein dira alkatearen egitekoak? 
Dirulaguntzak begiratu, eskaerak egin, bideak txukundu, uraren arazoak, mendietako landaketak eta alokatuak diren soroak kontrolatu... Herri ttikia da, baina hobetzeko den guztia egiteko bada lana.

Lau urteotan zertan aritu zarete?
Gauza batzuk lortu ditugu. Herriko Ostatua martxan paratu dugu, bideak txukundu ditugu… Saneamenduak eta argi kontuak eginak daude. Mantenimendua behar du.

Herriko bestak ere antolatu behar...
Zinegotzi bat arduratzen da gazteekin biltzeaz eta ondotik lana banatzen dugu. Nik, erraterako, bertze bi lagunekin batera, aizkolariendako egurrak ekarri, horiek plazan paratu, garbitu… behar izaten ditut.

Nola bizi dituzu bestak? 
Batez ere arratsetan ateratzen naiz. Elkartean sortzen den giroa gustatzen zait.

Bestetan, zein dira zure ardurak?
Kontratatutakoa antolatuta uzten dut eta gero momentukoa gelditzen zait: ordainketak. Elkarteak ere lan egiten du, herri-bazkarian adibidez. 

Zein aldaketa sumatu duzu?
Lehengo giroa eta oraingoa ez da berdina. Gazteek ez dituzte herriko bestak guk adina estimatzen.  

Zein da ekitaldi politena?
Bezperako afaria eta herri-bazkari eguna. Bazkarian bertsolariak, musika… izaten dira eta umorerik ez da falta. Aizkora apustuak ere biltzen du jendea eta ingurukoak ekartzen saiatzen gara.

Zer du Oizek bereizgarri?
Kokapen ona, Doneztebera hiru kilometro bertzerik ez daude eta hori gazteak herrian gelditzeko abantaila izan daiteke. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun