«Aurten Batxilergoko bigarren mailan hasiko naiz eta beldur pixka bat ematen dit»

Ttipi-Ttapa 2019ko ira. 5a, 12:45
Inma Ibarrola, Doneztebeko gaztea.

Inma Ibarrola Mariezkurrena Doneztebe

Ilusioa eta beldurra. Biak aipatu ditu Inmak ikasturte hasieraz galdetutakoan: «beti izaten dut kurtso hasieran ilusioa, baina Batxilergoko bigarren mailan hasiko naiz aurten eta, zaila dela diotenez, beldur pixka bat ematen dit».

Izan ere, ez du batere gustuko «etxean sartuta, ikasten orduak pasa behar izatea». Gauzak egin zalea da, argi dio: «ez dut aspertzeko denborarik eduki nahi» eta horregatik, eskolaz kanpoko hainbat jarduera egiten ditu: «ingeleseko eta matematikako klaseetara joaten naiz, osagarri bezala, eta euskal dantzetan ere banabil».

Horretaz gain, «astean behin herriko bertze emakume batzuekin elkartzen naiz korrika egitera joateko». Gauza berriak probatu zalea ere bada, hala aipatu digu, «aurten badut asmoa lagun batekin igeriketan hasteko». Agenda bete-betea izanen du eta badaki, «guztia egin ahal izateko, ongi antolatu» beharko duela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun