Astebururako besta bikainak prestatu dituzte Oizen

Ttipi-Ttapa 2019ko ira. 3a, 14:00
Igande eguerdian aizkolariek apustua jokatuko dute. Argazkiak: Jaione Mindegia.

Igande eguerdian aizkora apustua izanen da eta ondotik bertsolariekin eta Salaberrirekin herri-bazkaria eginen dute.

Ortzirale arratsaldetik igande arratsa bitarte, irailaren 6tik 8ra, bestak ospatuko dituzte oiztarrek, eta hiru egunetarako haur, gazte eta helduendako hainbat ekitaldi prestatu dituzte.

IRAILAK 6, ORTZIRALEA
20:00etan herriko trikitilariak herrian barna kalejiran ibiliko dira bestei hasiera emanez. 21:00etan afaltzeko zopak izanen dira Herriko Ostatuan (erreserbak egin daitezke). 00:00etatik aitzinera Iñaki DJa ariko da musika paratzen.

IRAILAK 7, LARUNBATA
11:00etan mus txapelketa jokatuko dute. 17:00etatik aitzinera, berriz, haurrendako eta helduendako jokoak izanen dira. Ondotik, txokolate beroa eskainiko dute ostatuan. 21:00etan patata tortilla lehiaketa hasiko da eta 22:00etan afari-merienda eginen dute. Tortillaz gain, xingarra, solomoa eta txistorra aterako dute jateko. Eguna borobiltzeko, arratsaldez eta gauez dantzaldia izanen da Gabenara taldearekin.

IRAILAK 8, IGANDEA
11:00etan meza izanen da eta txistulariak ere ariko dira. Ondotik, luntxa eskainiko dute Herriko Ostatuan. 13:00etan aizkolariek apustua jokatuko dute: Tito eta Jazinto, Miguel Angel eta Asierren kontra ariko dira. 14:00etan bertsolariekin batera mahaiaren bueltan bilduko dira herritarrak, herri- bazkaria eginen baitute Jon Maia eta bertze bertsolari batekin eta Mikel Salaberri soinulariarekin. 21:00etan afari-merienda eginen dute eta gauerdian Gaixoa Ni kantatuz emanen diete bestei bukaera.  

Udaletik jakinarazi dutenez, bestetako hiru egunetan haurrendako puzgarriak paratuko dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun