Malerrekako Mankomunitateak euskara ikasten ari diren helduendako dirulaguntza deialdia egin du

Ttipi-Ttapa 2019ko ira. 1a, 10:00
Laguntza, gehienez ere, 380 eurokoa izanen da.

Bertze urte batez, Malerrekako Mankomunitateak euskara ikasten ari diren 16 urtetik goitikoendako dirulaguntza deialdia egin du. 2018ko  urriaren  1etik  2019ko irailaren 30era  arte  egindako  ikastaroen  matrikula gastuetarako izanen da laguntza, ikastaro estentsiboak, trinkoak, barnetegiak eta on line ikastaroak egin dituztenendako.

Laguntza lortzeko baldintzetako bat Malerrekako Mankomunitatea osatzen duten udalerrietako batean erroldatua egotea izanen da eta  ikastaroan  izandako  asistentzia  mailaren  arabera jasoko da. Dirulaguntza matrikularen kostu osoaren adinakoa izanen da ikastaroan izandako asistentzia %85etik goitikoa denean; matrikularen kostuaren %75a izanen da ikastaroan izandako asistentzia %70-%85 bitartekoa denean eta ez  da laguntzarik jasoko ikastaroan izandako asistentzia %70etik beherakoa denean. Gehienez ere laguntza 380 eurokoa izanen da.

Eskabideak eta dokumentazioa urriaren 2a baino lehen aurkeztu beharko dira. Informazio gehiago: www.malerrekakomankomunitatea.eus.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun