Haur, gazte eta helduek bat egin dute Donamariako bestetan

Ttipi-Ttapa 2019ko abu. 20a, 11:00

Natalia Rekarte alkatearen eskutik lehertu zen Donamariako bestei hasiera eman zien txupinazoa. Buruhandi, erraldoi eta musikarien bueltaren ondotik afaldu eta besta giroan murgildu zen herria.

Egun handian dantzak, luntxa, pilota partidak... izan zituzten eta plaza ingurua jendez bete zen. Ortziralea lasterka hasi zuten, herri krosarekin eta indarrak berrartzeko paella jatea egin zuten. Aizkora apustuak ere ez zuen hutsik egin. Arratsaldean ekitaldiek segida izan zuten eta gaua Gabenara taldearen esku gelditu zen.

Larunbatean gaztetxoendako eguna izan zen. Puzgarri, jolas eta txokolate artean gozamena izan zen nagusi. Gazte eta helduek, berriz, patata tortilla eta postre lehiaketa izan zituzten. Eguna herri-afariarekin eta Oihana eta Oihana musikarien dantzaldiarekin borobildu zuten.

Bestei bukaera emateko, igandean Aitor Mendiluze eta Jone Uria bertsolariak lagun, herri-bazkarian bildu ziren. Bertso artean, komentura bisita egin zuten eta arratsaldez eta gauez Trikiteens taldearen erritmora dantzan ibili ziren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun