Arbolaren bueltan hamaika ekitaldiz gozatu dute zubietarrek

Ttipi-Ttapa 2019ko abu. 19a, 16:00

Asteazkeneko arbola altxatzearekin hasi eta igandean arbola bota bitarte hamaika ekitaldiz gozatu dute herritarrek.

Egunez eguneko errepasoa eta argazkiak utzi dizkigu Izaskun Zubialdek. 

 

Asteazkena, abuztuak 14

Goizean goizik hasi ziren festetako prestaketa lanekin. 07:30ean arbola zubira jaitsi zuten. Aurtengoa 30,90 metrokoa izan da. Arratsaldean, pala txapelketa jokatu zen plazan. Olaia eta Beñatek laugarren postua lortu zuten eta Maialen eta Egoitzek hirugarrena. Txapeldunak Eki eta Olatz izan ziren eta azpitxapeldun Ibai eta Naroa. Ikuskizun polita eskaini zuten. 20:00etan herriko txistulari eta trikitilariek besta giroa jarri zuten. Gauerdia ailegatu zenean lehertu zen besta; ohiturari jarraiki, zubitik arbola sorbalda gainean hartuta eta plazaratu zutenean. Nahiz eta luze eta lodia izan, arazorik gabe altxatu zuten. Ondoren Fan&Go taldearekin dantza ederrak egin zituzten.

Osteguna, abuztuak 15

11:00etako mezaren ondotik, herriko erraldoi eta buruhandiekin batera, joaldunen joare soinuak izan ziren. Plazan  aurten 85 urte bete dituen Xapako bordako Engraxiri omenaldi polita egin zion. Joaldunek bidetxoa egin ondotik, Olaia eta Malen bilobek aurreskua dantzatu zioten eta Udalak lore sorta eta zapia eman zizkion. Bukatzeko, Engraxik esker oneko hitzak eskaini zituen. Segidan aizkora apustuak ikuskizun polita eskaini zuten eta Ruben Saralegik irabazi zuen. Bazkalondoan, dantzarien emanaldia eta arratsaldez eta gauez Hauspolariek taldearen eskutik dantzaldia izan zituzten.

Ostirala, abuztuak 16

III. Herri krosarekin hasi zen eguna. Parte-hartze handia izan zen eta giro ederra sortu zen. Eguerdi aldera, pilota partiden txanda izan zen, herriko pilotariena. Ttikien artean Hegoi eta Zuhaitz azpitxapeldun izan ziren; Jonan eta Joanesen aurka galduta. Helduak, festak hasi baino lehen partiduak jokatuz etorri dira egun honetan finala jokatzeko. Finalera Imanol eta Martxel (gorriz) eta Egoitz eta Arkaitz iritsi ziren, azken hauek garaipena lortuz.

16:30 aldera mus txapelketa hasi zuten. Guztira 17 bikotek eman zuten izena eta Leire Mariezkurrena eta Pili Telletxeak irabazi zuten. Arratsaldez tortilla eta postre lehiaketaren txanda izan zen. Aurtengoan, 17 postre eta 16 tortilak parte hartu dute. Maila ederra izan omen da aurtengoan epaileen esanetan. Sari banaketa bertsolarien eskutik etorri zen, haien bertsoen bidez, txapeldunen eta azpitxapeldunen izenak emanez. Tortilla txapelketan Ernesto eta Joxe Mari izan ziren irabazle eta Naroa Elizalderentzat izan zen bigarren postua.

Postreetan berriz, Idoia Indakoetxeak irabazi zuen eta, bigarren postua Ainhoa Mindegiarentzat izan zen.Ondoren, denen artean, merienda goxoa dastatzeko eta bertso saio ederra entzuteko aukera izan zuten.

Abuztuak 17, larunbata

Eguna pilota partidekin hasi zuten. Alde batetik, herriko gaztetxoen partida izan zen, Mattin eta Ane, eta Endika eta Enara izan ziren bikoteak. Oso partida parekatua izan zen eta Mattinek eta Anek puntu bakarreko aldearengatik irabazi zuten.

Ondoren, profesional mailako emakumezko pilota partida izan zen: Gorriz Andrea eta Maite, eta urdinez, Iera eta Naroa. Ikuskizun polita eskeini zuten, agerian gelditu zen herriko pilotaria nor zen, animoak denentzat izan arren, Naroari bereiziki eskeintzen baitzizkion ikusleak.

Eguerdian, herri kirolaren saioa ikusteko aukera izan zen, eta saltsa ederra jarri zutela ez dago dudarik. Herri bazkarian 76 lagun bildu ziren bertsolarien inguruan, bazkari goxoaz eta bertso saio politaz gozatuz. Arratsaldean Txorotxarangaren eskutik, haur eta helduek dantzan ibiltzeko eta ongi pasatzeko aukera ere izan zuten.

Abuztuak 18, igandea

Haurraren eguna izan zen. Goizez plazan haurrentzako jokoak izan ziren. Partxisean Jonan eta Julenek irabazi zuen eta xakean, berriz, Oier eta Lander iritsi ziren finalera, lehenengo honek irabaziz. Piñatek momentu dibertigarriak eskaini zituzten, haur, gazte eta helduek hauek txititu nahian. Bazkal ondotik, futbitoa, bingoa eta aurpegi margoketa izan ziren lehenik, eta hauen ondoren, herriko erraldoi eta Elizondoko erraldoi eta dultzaineroek herriari buleta eman eta plazan emanaldi bat egin zuten.

22:00etan zezen suzkoaren aurrean jendeak laister egin zuen, eta goizaldeko 02.30ean arbola bota eta plazatik lekutzearekin batera, festak akitu zituzten.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun