Sunbillako Guraso elkarteak abuztuaren 12rako bazkaria antolatu du

Ttipi-Ttapa 2019ko abu. 7a, 14:00
Sunbillako haurrak, joan den urteko bestetan egin zuten otorduan.

Bazkalondoan guraso eta seme-alaben arteko herri-kirol desafioa eginen dute 

Sunbillako bestak abiatuko dira abuztuarenb 10ean, larunbatean botako den txupinazoarekin. Abuztuaren 12an, astelehenean, berrikuntza moduan guraso elkartea bertze proposamen batekin heldu zaigu. Orain artean, bokata jatea antolatzen zuten; aurten, berriz, bazkaria egitea pentsatu dute. Jan-edanak beraiek prestatuko dituzte bana bakoitzak bere platera, edalontzia eta sardexka etxetik ekarri beharko ditu. 

Txartelak salgai

Haur, guraso, familiako zein lagunei parte hartzeko gonbidapena luzatu diete. 13:30ean zehaztu dute hitzordua. Bazkarira joan nahi dutenek txartelak Fondan eros ditzakete 10 eurotan. Esertzeko tokia,  makarroiak eta albondigak izanen dituzte trukean eta izozkia, ogia eta edaria guraso elkartearen kontura izanen dira. Txartelak erosteko azken eguna abuztuaren 8a izanen da. Bazkaria aitzinera ateratzeko gutxiengo batek izen-ematea ezinbertzekoa izanen da. Horrela ez bada, ekitaldia bertan behera geldituko da.

Bingoa eta herri-kirol desafioa

Bazkalondoan, bingoa izanen dute, Fondako terrazan eta herri-kirol desafioa ere eginen dute: guraso eta seme-alabak elkarrekin lehiatuz. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun