Malerrekan eta Bertizaranan hainbat eraso sexista salatu ditu Emura talde feministak

Ttipi-Ttapa 2019ko abu. 2a, 09:00

«Normaltasunaren izenean, marra gorria behin baino gehiagotan zeharkatu dute gure eskualdean», diote idatzian

Berriz ere iritsi da uda, eta udarekin batera, inguruko herrietako bestak. Parrandaren aitzakiapean, Malerrekan eta Bertizaranan hainbat eraso sexista gertatu dira azken boladan eta EMURA talde feministak «haserrea, tristura eta amorrua erakutsi nahi du, gertaerok gogor salatzearekin batera».

EMURA talde feministaren idatziaren arabera, «normaltasunaren izenean, marra gorria behin baino gehiagotan zeharkatu dute gure eskualdean, eta erasotzaileez gain, konplizeen rola ere azpimarratu nahiko genuke. Guztion eskuetan dago halako egoeretan erasotzaileari aurre egitea eta salatzea».

EMURAren ustez, «gure egunerokoan ekintza matxistek duten presentzia eta indarra ez da kasualitate hutsa; ez dira kasu isolatuak eta ez da pertsona zehatz batzuen kontua soilik. Askotan jarrera batzuk ohikotzat eta normaltzat jotzen ditugun arren, emakumeon intimitate askatasuna behin eta berriz urratzen da, emakumearen erosotasuna eta duintasuna hautsiz».

Ozenki eta indar handiz salatu nahi dituzte erasook, eta «emakume guztioi babesa, elkartasuna, laguntza eta beharrezko informazioa eskaini». Horretarako emurataldefeminista@gmail.com helbidera idatz daiteke, «baita edozein herritako kale eta txokotan ere topatuko gaituzue».

«Horrelako ekintzek ez dute lekurik gure kale eta tabernetan! Erasoen aurrean, autodefentsa feminista! Jai parekide eta aske batzuen alde! Ez izan konplize, inplikatu!», dio EMURAk idatzia akitzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun