Zortzi erremontelarirekin eta berrikuntzekin abiatuko da buruz buruko erremonte txapelketa

Ttipi-Ttapa 2019ko uzt. 24a, 19:00
Endika eta Juanenea saldiastarrekin batera, Ezkurra II.a izanen da eskualdeko ordezkaria buruz buruzko erremonte txapelketan.

Aritz Juanenea eta Endika Urrutia saldiastarrak eta Josetxo Ezkurra doneztebarra izanen dira eskualdeko ordezkariak 

Uztailaren 24an aurkeztu dute buruz buruko 37. erremonte txapelketa. Zortzi erremontelari ariko dira, tartean eskualdeko hiru: asteartean 30-22 Arruarteri irabazita txartela lortu duen Aritz Juanenea saldiastarra, final-laurdenetako koxkan esperoan egonen den Josetxo Ezkurra II.a doneztebarra eta azken ligaxkan esperoan egonen den Endika Urrutia saldiastarra. Gaur egun txapeldunorde den Xanti Utergak, berriz, ez duela parte hartuko jakinarazi du, aitatasun-baimenarekin.

Formato berezia

Txapelketak formato berezia izanen du aurtengoan, joan den urteko sailkapena kontuan hartuta. Lehenbiziko fasean sei erremontelari ariko dira, bi multzotan banatuak. Multzo horietako batean daude Juanenea, Aizpuru II.a eta Arruarte eta bertzean Larrañaga, Goikoetxea V.a eta Garces. Denak denen kontra ariko dira eta multzo bakoitzeko erremontelari bana sailkatuko da final zortzirenetarako. Juaneneak larunbatean jokatuko du lehenbiziko partida Goikoetxea V.aren kontra. Koxka horretan Ansa II.arekin ariko dira bi sailkatuak, denak denen kontra. Irabazlea final-laurdenetan sartuko da, Azpiroz eta Ezkurra II.arekin batera. Hemen ere denak denen kontra ariko dira eta irabazlea azken ligaxkarako sailkatuko da. Ligaxka horretan zain izanen ditu Urriza, Endika eta Barrenetxea IV.a. Hemen ere denaj denak denen kontra ariko dira. Irabazlea zuzenean finalerako sailkatuko da eta laugarrena txapelketatik kanpo geldituko da. Bigarrenak eta hirugarrenak finalerdia jokatuko dute eta irabazlea irailaren 14an jokatuko den finalerako sailkatuko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun