«Hiru agintaldiren ondotik udaletxean jende berria sartzeko garaia da»

Ttipi-Ttapa 2019ko abu. 13a, 14:00
Julian Gogorza, Ezkurrako alkatea.

Julian GOGORZA JAUREGI Ezkurrako alkatea

Nekez uzten du sorterria sustraiak han dituenak. Hala dio kantak eta hori gertatzen zaio Julian Gogorzari. Ezkurrakoa da sortzez, eta azken urtebetean Hondarribian bizi bada ere, ez du ahaztua nondik datorren. «Gustura» bizi da kostaldean, baina «Ezkurra bezalako herri ttiki batean edo Hondarribia bezalako herri handi batean bizitzea arrunt desberdina» dela dio: «Hondarribian ez dut inor ezagutzen eta apenas agurtzen du jendeak; Ezkurran, beti norbait topatzen duzu hizketarako».

Habi berrian pozik egonagatik, herriarekin lotura mantentzen du. Horren seinale, «ia astero» herrira joaten da. Batzuetan bisitak maizago egitea tokatzen zaio, Ezkurrako alkatea delako: «udaletxean zerbait baldin bada, behar denean joaten naiz». Ez du arrotza alkatetzako ardura; duela hamabi urte hartu zuen aginte-makila eta hortxe segitu du geroztik: «hasieran ez zen erraza izan ez nuelako udaletxeko martxa ezagutzen, baina zinegotzien eta idazkariarekin laguntzarekin ongi moldatu naiz». Herritarrekin ere «ongi konpondu» omen dira, «ez dugu saltsarik izan».

Hala ere, hainbeste urteren ondotik, lekukoa pasatzeko ordua dela uste du: «jende eta ilusio berriak sartzeko garaia da». Idoia taldearen barrenean aurkeztu zen eta «uzteko asmoa» dutela adierazi digu. Oraingoz, «urria arte segituko dugu». Orduan eginen da udal hauteskundeen bigarren deialdia, maiatzeko hauteskundeetan ez baitzen inor aurkeztu Ezkurran: «ea baten bat aurkezten den», aipatu du. Argi utzi du «denbora» eskatzen duela Udalean egoteak, baina posible dela gaineratu du: «guk poliki-poliki hiru agintaldi egin ditugu».

Festa eta lana uztartuz
Eguneroko martxa utzita, herriko festetan «herri aldetik ibiliko gara». Azaldu digunez, «15.000 euro inguruko aurrekontua» dute festek eta diru horrekin «ahalik eta hobetoen egiten saiatu gara» Ekitaldiak ongi atera daitezen «gainean» egotea tokatuko zaio, baina hori ez da oztopo izanen festak ospatzerako orduan. Gainera «herritarrek festetan laguntzen» dutela eta, «kexarik ez» duela onartu digu: «batean eta bestean parte hartzen dute eta horri esker ez da lan asko izaten». Hortaz, lana bai, baina festa ere bai. Ongi pasatzeko helburuarekin joanen da bezperako herri-afarira, aizkora-apustuetara edota hain maitea duen herri-bazkarira. «Bezperan ilusio gehiago izanagatik, herri-bazkariko giroa da festetatik gehien gustatzen zaidana. Oso giro polita izaten da».

Bide batez, «jendeari animatzeko» deia ere luzatu nahi izan dio alkateak: «ondo pasatuko dugu!». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun