XVIII. Latasa Saria jokatuko dute igande honetan Sunbillan

Ttipi-Ttapa 2019ko abu. 8a, 09:30

19:00etan hasiko da Ramon Latasa zenaren omenezko aizkora jaialdia

Guztira 17 kirolari lehiatuko dira: alde batetik, bortz bikote aizkolarik hamarna kanaerdiko eta seina 60 ontzako ebaki beharko dituzte; horrez gain, beteranoen arteko aizkora desafioa ere antolatu dute, baita Irigoien eta Urraren arteko harri-altxatze desafioa ere. Akitzeko, Ousmane Drame ehun kiloko txingekin ariko da.

Punta-puntako bortz aizkolari bikotek parte hartuko dute hamarna kanaerdiko eta seina 60 ontzako mozteko proban: Aitzol Atutxa eta Joseba Otaegi; Iker Vicente eta Ruben Saralegi, Mikel Larrañaga eta Eneko Otaño, Ugaitz Mugertza eta Julen Alberdi Txikia IV.a eta Xabier Orbegozo Arria V.a eta Jon Rekondo leitzarra. Bikote bakoitzak hamaseina enbor moztu beharko ditu, hamar kanaerdiko eta sei 60 ontzako.

Jaialdi berean, aizkolari beteranoak ere ariko dira lehian: Donato Larretxea (Arantza) eta Miel Mindegia (Ezkurra) Angel Arrospide eta Anjel Mari Peñagarikanoren aurka ariko dira. Bikote bakoitzak lau kanaerdiko eta sei 45 ontzako ebaki beharko ditu. Denen artean Euskal Herriko hogei txapel dituzte.

Aizkoralarien saioaz gain, harri-altxatzen ere ariko dira kirolariak. Aimar Irigoien eta Mikel Lopetegi Urra lehian ariko dira: 125 kiloko kopa eta errektangularrari, 113 kiloko kubikoari eta 100 kiloko bolari hamarna jasoaldi segidan eman beharko dizkiote.

Txingekin, berriz, Ousmane Drame ariko da. 100 kiloko txingekin Santxok egindako marka hobetzen saiatuko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun