«Txosnan irabazitako dirua kultur ekintzetarako erabiltzen dugu»

Ttipi-Ttapa 2019ko abu. 7a, 08:30
Ixaro Petrirena Gortari

Ixaro PETRIRENA GORTARI, Sunbillako gaztea

Egunetik egunera «pertsonalki eta mentalki indartsuagoa» den eta «lagun zein familia hoberena» duen sunbildar gaztea da Ixaro Petrirena (Sunbilla, 1991). Maite du hiru ilobez eta lagunez gozatzea, baita lasai-lasai egotea ere: «mutil-lagunaren heriotzaz geroztik, gero eta gehiago gozatzen dut mendiaz eta horrek ematen didan lasaitasunaz».

Ardura hartu eta bete
Lana, lagunak, familia, Ttuka zakurra lagun egiten dituen mendi-bueltak… orduak eskas izaten ditu. Horri guztiari agintaldi honetan zinegotzi-ardurak gehituko dizkio: «gazteei eta kulturari dagokion lana hartu dut neure gain eta bertze batekin ariko naiz horretan». Momentuz «lasai» dabilen arren, badaki «eguneroko lanarekin uztartzea ez dela erraza» izanen. Horretarako, «ardura hartu eta antolatzeko» asmoa du: «gogotsu eta animatuta nago».

«Sunbilla bezalako herri batendako lau besta egun aski dira»

Kargua hartu berritan bestak gainean ditu sunbildar gazteak: «aurten ortziralean kontzertuak antolatu ditugu, eta beraz, egun bat gehiago izanen dugu». Bere ustez, sei egun «gehiegi» dira: «Sunbilla bezalako herri batendako lau aski dira».

Egun eta lan gehiago
Udalean egonagatik, herriko gazteekin zuen elkarlana mantenduko du: «aurten ere txosna paratuko dugu eta lortutako diruarekin urtean zehar kultur ekitaldiak antolatuko ditugu». Antrotokikoek hori «bakarrik» eginagatik, «lan handia» duela gaineratu du: «aitzinetik, momentuan eta ondotik izaten dira eginkizunak». Hori aski ez eta Udaleko zenbait kontutan ere ari beharko du sunbildar gazteak. Guztia kudeatu ahal izateko argi du zein den behar bezala kudeatzeko bidea: «besta guttiago gauez eta gehiago egunez».

«Peñen Eguna berezia da, desiratzen dudan egun horietakoa»



Ospakizun bikoitza
Ospakizunak bikoiztean, ordea, bestak gainezka egiteko eta gaua egun bilakatzeko aukerak ugaritzen dira: «abuztuaren 13an nire urtebetetzea da eta aurten Peñen Eguna izaki, ospakizuna bikoitza izanen da». Egun hori «berezia» da berarendako: «kuadrillako bazkaria, txaranga, urez busti… desiratzen dudan egun horietakoa da».
Ikusiak ikusi, urtero luzatzen den gau horietako bat izateko aukera handia du egunak. Are gehiago, biharamunean bestak bukatzen direnez, harri batez bi kolpe emateko aukera ederra izanen du: «gerora ere izanen dugu normaltasunez lo egin, jan eta edateko aukera».

Egunero «agenda bete ekitaldi» dituztela erranez, irakurleak herrira gonbidatu ditu: «aitzakiak utzi eta etorri gurekin gozatzera!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun