Gazteak lanean
Orokorrean «euskal giroa, ostatuak, egunez izaten diren bestak» ditu gustuko, eta horien artean kokatuko lituzke Elgorriagakoak. Herrikoak izaki, «bereziak eta hutsik egin gabe gozatu beharrekoak» dira berarendako: «haur, gazte eta helduak biltzeko egunak dira». Hortaz, laneko egutegia eman bezain agudo, lana eta besta uztartzeko, «ordutegiak aldatzen» saiatzen da. Lantegira joan behar ez izateak ez du egun horietan lan egiten ez duenik erran nahi. Izan ere, «ortziraleko kontzertuak» gazteen artean antolatzen dituzte eta «inguruko taldeak ekartzen saiatzen gara, jendea erakartzeko». Ordaindu ahal izateko, Udalaren laguntzaz gain, diru gehiago ere behar dutenez, «txosna irekitzen dugu». Halere, «bestaren bueltan, dena errazago egiten da».
«Bestaren bueltan dena errazago egiten da»
Inguruko herrietara
Bestak aitzinera eramateko, herriaren batasuna «garrantzitsua eta ezinbertzekoa» da Olazarren ustez: «batetik, lanak banatu eta egitaraua antolatzeko; eta bertzetik, besta egunetan elkartzeko, dantzatzeko eta momentu ederrak pasatzeko».
Elgorriagako gazteak argi du herritarrak direla besten oinarria: «besta-giroa bermatzeko etxetik plazara jotzean dago gakoa». Horrek arriskuak izan ditzakeen arren, badute biharamuna pasatzeko sekretutxo bat: «tragoak amaren edo amatxiren salda beroarekin ordezkatzen ditugu». Hurrupaz hurrupa berpizten zaie herriz herriko bestetara joateko gogoa.