Doneztebek eta Zeanurik jokatuko dute Euskal Herriarteko pilota txapelketaren finala uztailaren 21ean

Ttipi-Ttapa 2019ko uzt. 15a, 13:00

Aurten ere lortu du Doneztebek Euskal Herriko Herriarteko pilota txapelketaren finalerako sailkatzea. Argazkian, 2016ko finalaurrekoa ageri da.

Guardia eta Astigarraga menpean hartu zituzten finalerdietan

Euskal Herriko Herriarteko pilota txapelketako finalerdiak jokatu dituzte asteburu honetan Zumarragan. Doneztebek hiru partidak irabazi zizkion larunbatean Guardiari eta Zeanurik hirutik bi igandean Astigarragari. Hortaz, nafarrak eta bizkaitarrak izanen dira aurrez aurre uztailaren 21eko finalean, berriz ere Zumarragan.

Doneztebek ez zion aukerarik eman Arabako txapeldunari eta hiru partidak nagusitasunez irabazi zituen: kadete mailan 22-3 irabazi zieten Doneztebeko Mikelarena eta Garañok Guardiako Moraza eta Altuberi; jubeniletan 22-17 irabazi zieten Loiarte eta Agirrek, Diaz de Gereñu eta Pesori eta seniorretan 22-6 irabazi zieten Barandiaran eta Tabar-ek Compañón eta Markaidari.

Zeanurik hiru partidetatik bi irabazi zizkion Astigarragari: kadetetan (22-10) eta jubeniletan (22-8) bizkaitarrak nagusitu ziren eta seniorretan gipuzkoarrak (7-22).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun