«Harat-honatean ibiltzea» du gustuko eta halaxe pasatu ohi du eguna: «lanetik ateratzen naizenean, seme-alaben bila joaten naiz. Eskolaz kanpoko jarduerak direla eta ez direla, arratsaldean haiekin bueltaka ibiltzen naiz». Goizez, berriz, «Donezteben, osasun etxean» lan egiten du: «hitzorduak emateaz eta tramiteez arduratzen naiz».
Azken urteetan lan horri jangelako laguntzailearen eginkizunak gehitu dizkio: «orain dela bi urte Iturengo eskolan ordezkapen bat egin nuen eta ondotik Donezteben aritu naiz». Egiten duena «arrunt gustuko» duen arren, oporrak ez daude inoiz sobran eta horiei begira hasia da dagoeneko: «normalean abuztuan hartzen ditut eta eskertzekoa da. Haurrak etxean daude eta familiarekin lasai egoteko denbora izaten dut».
Lehenagotik, herriko bestez gozatzeko, «egun batzuk eskatzen saiatzen naiz». Egun horiek ekitaldien arabera antolatzen ditu, eta jarduerak aukeratzeko haurrak izaten ditu gidari. Ama izan denetik, bestak bizitzeko modua aldatu zaio, izan ere, «lasaiago» ibiltzen da, «lehengo libertate hori gabe baina niretzako tarteren bat hartuz».
Gauez «gutti» ateratzen den arren, momenturen batean txirrinta sortuz gero, arazorik gabe egin dezakeela gaineratu du; «seme-alabak senarrarekin edo gurasoekin gelditzen dira eta horretarako laguntza handia izaten dut». Edozein egun da «bikaina» parranda egin eta herrikoekin egoteko, baina aukeran, «bezpera» hartuko luke: «dantzariak, txupinazoa, afaria... giro bikaina izaten dugu».
Halere, orokorrean, «lehengo giro hura» galduz joan dela erranen luke: «herri ttikietako bestetara joateko joera galtzen ari da». Eusteko herritarrek beraien ekarpena eginen dute eta, segur aski, guztien artean lortuko dute. Besten ondotik, lanera itzuliko da, baina txoko berria izanen du. Izan ere, eraiki berri duten osasun etxera jo beharko du. Alde batetik, pozik dago, «nire tokia mantentzen dudalako»; eta bertzetik, aldaketa «haundia» izanen dela iruditzen zaio. Bien bitartean, aurten noranzkoa galdu gabe ibili beharko du, «egokitzapena behar bezala egiteko».