Ezkurra II.ak eta Endikak bigarren aldiz segidan irabazi dute Sanferminetako erremonte txapelketa

Ttipi-Ttapa 2019ko uzt. 12a, 07:33

40-38 irabazi zieten finalean Ansa II.a eta Barrenetxea IV.ari 

Joan den urtean bezala, sanferminetako peñek antolatutako erremonte txapelketa irabazi dute aurten ere Josetxo Ezkurra II.a doneztebarrak eta Endika Urrutia saldiastarrak. Uztailaren 11n Uharteko Euskal Jai pilotalekuan jokatutako finalean 40-38 irabazi zieten Ansa II.a eta Barrenetxea IV.ari.

Emozioa izan zuen finalak, baina gorriak nagusi izan ziren partida guztian. Ansa II.a urduri aritu zen eta normalean baino hutsegite gehiago egin zituen. Bosnako berdinketaren ondotik, Ezkurra II.ak eta Endikak bospasei tantoko aldea hartu zuten. Alderik handiena 29-20koan izan zuten, baina urdinak ernatu ziren, Ansa II.a lsaitu eta Barrenetxea dominatzen hasi zen, 29-27ra eta 33-31ra hurbiltzeko. Baina gorriek lanean segitu zuten eta bortz tantoko aldea hartu zuten. Baina berriz ere kontuak estutu ziren, 38-37 eta 39-38koan. Azken tantoa, ordea, Malerrekako erremontelarien alde erori zen eta bigarrenez txapela lortu zuten. Hain zuzen, peñetako ordezkariarekin batera, urtetan Euskadi Irratiko esatari izan den Iñaki Elortza Txapas izan zen sariak ematen.

Ansak eta Ezkurrak hamaseina tanto egin zituzten, baina bikoitza galdu zuen urdinak. Barrenetxeak bederatzi tanto egin zituen jokoan, eta Endikak lau bertzerik ez, baina hasierako hutsegiteak garesti ordaindu zituen Gipuzkoako bikoteak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun