Sanferminetako erremonte txapelketa azken aldiz jokatuko du Etxeberria III.a doneztebarrak

Ttipi-Ttapa 2019ko uzt. 4a, 20:00
Sanferminetako azken txapelketa jokatuko duen Etxeberria III.a doneztebarra, bikote eginen duten Barrenetxea IV.a eta Ansa II.aren artean, aurkezpenean.

Lau bikote ariko dira: Uterga-Ion, Ansa II.a-Barrenetxea IV.a, Urriza-Etxeberria III.a eta Ezkurra II.a eta Endika 

Oriamendi 2010 enpresak sanferminetan antolatu duten zazpigarren erremonte txapelketa aurkeztu du uztailaren 3an Iruñeko Sanferminetako peñen egoitzan. Aurtengoa berezia izanen da, sanferminetako azken txapelketa izanen baita Joxe Jabier Etxeberria III.a doneztebarrarentzat.

Lau bikotek parte hartuko dute uztailaren 8, 9 eta 11n jokatuko den txapelketan. Bi lehenbizikoetan finalaurrekoak jokatuko dituzte: hilaren 8an Xanti Uterga doneztebarra eta Ion, Ansa II.a eta Barrenetxea IV.aren kontra eta 9an Urriza eta Joxe Jabier Etxeberria III.a doneztebarra, Josetxo Ezkurra II.a doneztebarraren eta Endika Urrutia saldiastarraren kontra. Irabazleek txapela jokoan izanen dute uztailaren 11n Uharteko Euskal Jai Berri pilotalekuan.

Aurkezpenean, peñen federazioko Alfonso Gasco, Oriamendi 2010 enpresako kudeatzaile Xabier Gonzalez eta Ansa II.a, Barrenetxea IV.a eta Etxeberria III.a pilotariak izan ziren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun