Doneztebeko bestak iruditan

Ttipi-Ttapa 2019ko uzt. 1a, 13:30

Ortzirale ilunabarrean abiatu zituzten Doneztebeko bestak eta uztailaren 2an bukatuko dituzte. Bien bitartean, hainbat ekitaldi izan dituzte, zein baino zein gustagarriagoak. Larunbatean, erraterako, bai goizeko dantzek baita iluntzeko dantza-emanaldiak ere, jende dezente bildu zuen. Igandean, berriz, bertso-saioa eta kantu bazkaria izan zen arrakastatsuena.

Gaur goizean, gaztetxoak harat-honatean ibili dira. Goizean buruhandietatik ihesi ibili dira, segidan, udal ttikia osatu dute eta goiza 14:00etako bazkariarekin borobilduko dute.

Arratsaldean gehiago!

16:00etan, Gazte Burrunbak antolatuta, mus txapelketa izanen dute. Ordu berean, haur-jolasetan ibiltzeko aukera izanen da, Bear Zanan. Udal ttikiaren hasiera, diploma-banaketa eta botere-itzulera ere izanen dira. Arratsaldez Aurorak eta Elutxa txarangarekin poteo alaia eginen dute eta 20:00etan Plaza irrintzika taldearekin haurrendako dantzaldian bilduko dira, Santa Luzia plazan. 22:15ean suzko zezenak mugiaraziko ditu gaztetxoak, Bear Zanan. 00:00etan, berriz, Endara Dj-ak hartuko du lekukoa.

Bihar, hondarreko eguna

Asteartea izanen dute hondarreko eguna. 09:00etan diana izanen dute, Elutxa txarangarekin. 10:00etan herri-gosarian bilduko dira, Intzakardin. 14:00etan, berriz, herri-bazkaria izanen dute Intzakardin: kaldereteak. Bazkalondoan erreka-igoera eginen dute, eta 20:00etan, berriz, La Jodederaren erritmoak hartuko du Santa Luzia plaza. 22:15ean suzko zezena harat-honatean ibiliko da Bear Zanan. Ondotik, Elutxa txarangarekin kalejira egin ondotik, Santa Luzia plazan Gaixoa ni kantatuz agurtuko dituzte bestak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun