Ainhoa Sanz gogoan, inoiz baino hunkigarriagoa izan da Trapatan dantza Donezteben

Ttipi-Ttapa 2019ko eka. 29a, 20:52

Joxe Irigoien, seme-alabekin, hunkiturik eskertu zuen Trapatan dantzatzen duen taldearen opariak. Argazkia: Alicia Del Castillo

Ohiko hogei dantzariekin batera, aurten hil den dantzariarekin batera dantzan aritutakoak ere atera ziren plazara

Emozioz betea eta hunkigarria izan ohi da, duela 24 urte berreskuratu zuten Trapatan dantza doneztebarrentzat. Aurten, inoiz baino hunkigarriagoa izan da, gaur egungo eta garai bateko dantzariek, aurten hil den Ainhoa Sanz eta bere bikotea, Joxe Irigoien gogoratu baitute.

Ohi denez, hamar emakumek eta hamar gizasemek egin dute Trapatan dantza: Goreti Lana, Izaro Aldabe, Inma Ibarrola, Janire Iribarren, Elena Ezkurra, Itxaso Estanga, Irati Huarte, Uxue Ibarrola, Amaia Jorajuria eta Lorena Juanena; eta Tomas Ostolaza, Juan Ramon eta Andres Ostiz, Alejandroeta Eneko Maylin, Joseba Legarra, Aritz Zulaika, Xanti Uterga alkatea, Jon Telletxea eta Joxe Irigoien. Baina beraiekin batera, karrikako jantziekin, azken urteotan Ainhoa Sanzekin dantzan aritutako bertze hogei bat lagunek dantzatu dute, bere oroimenez. Gainera, Joxe eta Ainhoaren seme-alabek, Unai eta Saioak ere dantzatu dute. Dantza akitutakoan, dantzariek txapela, zapia eta argazki bat oparitu diote familiari, plaza lepo betetzen zuen jendetzaren txalo zaparradarekin.

Aitzinetik, Eduardo Almandozek bandera dantzatu du, Itziar Irigoien, Oskar Mindegia, Ainara Marizkurrena, Jon Aldabe, Maialen Zamorano, Miren Martín, Igone Elizondo eta Maite Urreaga, txistulari eta atabalariaren doinupean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun