Uztailaren 3tik aitzinera udako ludoteka zerbitzua eskainiko dute Donezteben

Ttipi-Ttapa 2019ko eka. 29a, 11:00
Turismo Bulegoa ere besten ondotik irekiko dute Donezteben.

Besten ondotik liburutegia udako ordutegiarekin hasiko da eta turismo bulegoa ere zabalduko dute 

Uztailaren 3tik aitzinera, 09:00etatik 14:00etara jostatu, abestu, eskulanak egin eta ongi pasatzeko aukera izanen dute Doneztebeko haurrek udako ludotekan. Bi begirale izanen dituzte eta abuztuaren 30era arte irekia egonen da zerbitzua. Uztailerako plaza guztiak beteta daude baina abuzturako oraindik bada tokia.

Liburutegia eta Turismo Bulegoa

Heldu den asteazkenetik aitzinera, uztailak 3, Doneztebeko liburutegiak udako ordutegiarekin segituko du, hau da, 10:00etatik 13:00etara. Zerbitzua uda osoan irekia egonen da eta ohiko jarduera aleen digitalizazioaren lanarekin uztartuko dute.

Era berean, besta ondotik irekiko dute turismo bulegoa: asteartetik igande goizera bitarte zabalduko dute, goizez eta arratsaldez eta egunero bortz orduko zerbitzua eskainiko du. Uztail eta abuztuan kanpotik etorritako bisitariei eskainiko diete arreta.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun