«Seniorretan nesken taldea aterako balitz denoi ilusioa eginen liguke»

Ttipi-Ttapa 2019ko eka. 26a, 08:30

Iban MINDEGIA Errekako entrenatzailea

Bolo-bolo dabil azken aldian Erreka eskubaloi taldearen izena. Ez dituzte alferrik irabazi liga eta kopa. Lorpen horretan badu zeresana Iban Mindegiak, taldearen gibelean, erdi itzaleko lana eginaz baitabil doneztebarra: «bi urte daramatzat senior taldearen entrenatzaile lanetan». 

Iban Mindegia pozik dago lortutako emaitzekin eta nabari zaio eskubaloia «bihotzez bizi» duela, «hagitz gustura egoten naiz entrenamenduetan eta partidak lana egin ondotik heldu den sari bat bezala ulertzen ditut».

Senior taldean gorakada
Familiatik datorkio afizioa: «ttikitan hasi nintzen eskubaloian, aita entrenatzailea zen eta anaia ere betitik ibili izan da eskubaloian. 19 urte nituenean hasi nintzen entrenatzaile bezala, denera hamar bat urte edo badira honetan ari naizela».  Urte hauetan guztietan aldaketa nabaritu du Erreka eskubaloi taldearen baitan, «batez ere jende kopuruan nabari da. Senior taldean jende aunitz gaude, 16-17 jokalari biltzen dira entrenamenduetan eta horrek kalitateko lana egiteko aukera ematen du».

Ardura berak, lana besteek
Astean bi egunez aritzen da entrenatzaile lanetan «lana bukatu ondotik egiten ditugu entrenamenduak eta asteburuetan elkarrekin joaten gara partidak jokatzera». Konpromisoa eskatzen duela dio, baina, «taldean giroa ona denean, gauzak erraz egiten dira».

Entrenatzaile karguak, izan dezakeen karga ez dela hainbertzekoa ere aipatu du:  «nik hartzen ditut erabakiak baina gero jokalariak dira huts egin edo asmatzen dutenak. Izan ditugu lau partida gol bakarragatik irabazi ditugunak, haiek sartu dituzte golak. Berdindu, galdu edo irabazi, nik erabakia hartua nuen. Zailena hori neurtzea da». Dena dela, argi dio emaitzak baino gehiago: «jokalariek duten guztia ematen dutela ikusteak»  asetzen dutela: «etorri entrenatzera, aritu eta kitto! Denei jokatzeko aukera ematea inportantea da». Emaitza onak pizgarria dira bere ustetan: «giro ona mantendu eta jendeak motibatuta segitzeko balio dute».

«Giro berezia sortu da herrian eskubaloiaren bueltan»


Etorkizuneko jokalariak
Kirolariak motibatzeko eta baita herritarrak ere: «giro berezia sortu da herrian eskubaloiaren bueltan. Haur aunitz ikusten da orain eskubaloian jolasten eta hori hagitz polita da. Partidak ikustera ere familian etortzen dira eta horrek giro berezia sortzen du». Gainera, ttikitatik harra sartzea etorkizuna ziurtatzeko gakoa dela uste du: «partidak ikusi, entrenatzen hasi... inguruan giro hori nabaritzen badute hori nahi dute. Uste dut Erreka taldeak bultzada polita eman diola Malerrekan eskubaloiari». Badute, ordea, erronka bat: «duela hiru urte edo izan genuen azkenekoz senior mailako nesken taldea. Kadete eta infantil mailan ari dira, baina arrazoi bat edo bertzea dela tarteko seniorretan ez. Tristea da». Deia egin die beraz: «animatu nahiko nituzte, taldea aterako balitz denoi  ilusioa eginen liguke».

«Ez naiz tradizio zalea, txupinazoan lehendabiziko egunean ateratzea gustuko dut eta hil arte bestan ibiltzea»

Bestarako askatasun osoa
Denboraldia akituta, «ongi irabazia» omen dute taldekideek bestarako baimena, «askatasun osoa dute, bakoitzak kontrola dezala bere burua». Berak, bere aldetik, egunez egun erabakiko omen du zein ekitalditara joan, bestara atera edo ez «ez naiz tradizio zalea, txupinazoan lehendabiziko egunean ateratzea gustuko dut eta hil arte bestan ibiltzea, baina hortik aurrera momentuko gorputzaldiaren arabera erabakitzen dut zer egin. Dagoenaz disfrutatzen dut, askorik pentsatu gabe ekitaldi hontara edo hartara joan behar dudala». Aurten txupinazoa ortziralean izanik «giro berezia» izanen dela uste du «poteoarekin hasiko dugu besta, afarian zopak janen ditugu kuadrilarekin eta gero gaupasa izanen da». Jendearekin elkartzeko aitzakia bikaina dira bere ustez bestak: «batekin eta bertzarekin solasean aritzekoa». Eta nork daki, fitxaje berriren bat egitekoa ere bai akaso. Heldu den ikasturterako merkatua mugitzen hasi beharra dago.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun