Doneztebek eta Iruñeak jokatuko dute Nafarroako Herriarteko pilota txapelketako finala aurten ere

Ttipi-Ttapa 2019ko eka. 24a, 13:30
Doneztebek 2017an lortu zuen txapeldun izatea Nafarroako Herriartekoan. Aurten, txapela berreskuratzeko aukera izanen du.

Asteburuan Labriten jokatutako finalerdietan Ultzama eta Baztan kanporatu zituzten 

Aitzineko hiru urteetan bezala, Doneztebek eta Iruñeak jokatuko dute Nafarroako Herriarteko pilota txapelketako finala. Asteburuan jokatu dituzte finalerdiak Labriten. Larunbatean Doneztebek lau partidak irabazi zizkion Ultzamari eta igandean Iruñeak 3-1 irabazi zion Baztani.

Espero bezala, larunbatean Doneztebek ez zuen arazorik izan Ultzama menpean hartzeko eta lau garaipen lortu zituen alebinetan (18-15), infantiletan (18-14), jubeniletan (22-10) eta seniorretan (22-21).

Igandean lan gehiago eman zion Baztanek Iruñeari. Izan ere, alebin mailako partida erraz irabaziz hasi ziren baztandarrak (3-18), baina bertze hiruak galdu egin zituzten, infantiletan (18-5), jubeniletan (22-6) eta seniorretam (22-4).

 

Finala uztailaren 5ean

Aipatu bezala, Nafarroako Herriarteko pilota txapelketaren finala uztailaren 5ean, 16:30ean jokatuko dute Labrit pilotalekuan. Azken hiru urteetan ere Doneztebe eta Iruñea izan dira aurrez aurre. 2016 eta 2017an Doneztebe nagusitu zen eta iaz Iruñea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun