San Juan suak herriz herri

Martuzeneko Florita Loiartek irabazi du Zubietako VI. gazta lehiaketa

Ttipi-Ttapa 2019ko eka. 24a, 10:25

Bestaberri eguneko eta San Juan bezperako ospakizunak uztartu zituzten

Bestaberri eguneko eta San Juan bezperako ospakizunak uztartuz, egun borobila izan zuten ekainaren 23an Zubietan. Goizeko lasaitasuna urratuz, arratsaldean, 16:00 aldera, VI. gazta lehiaketa hasi zuten. Argazkiak: Izaskun Zubialde

Aurkeztu zituzten zazpi gaztetatik Martuzeneko Florita Loiarterena izan zen irabazlea eta Idirteko Migel Santestebanek irabazi zuen bigarren saria. Izaskun Zubialdek, Ana Mari Mujikak eta Nerea Bazterrikak osatu zuten epaimahaia.

Arratsaldean meza eta prozesioa izan zituzten. Ondotik, dantzatu bitartean, herritarrek Udalak eskainitako mokadutxoak jateko eta txokolate beroa dastatzeko aukera izan zuten. Gerriak astindu zituzten batzuek eta belarriak goxatu besteek.

 

San Juan bezperako afari ederra

Musika soinuak indarra galdu ahala, afarirako prestaketetan hasi ziren. Haur, gazte zein helduak mahaiaren bueltan bildu ziren. Kontu kontari ibili ondotik, 23:00 aldera suak piztu zituzten eta hori iragarriz, gauerdian kanpaiak astindu zituzten gazteek. Bai eguraldiari baita sortutako giroari esker ere, herritarrek udari ongietorri borobila egin zioten. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun