Ludoteka zerbitzua martxan paratuko dute Donamarian ekainaren 24an

Ttipi-Ttapa 2019ko eka. 23a, 10:00
Haurrak Donamariako ludotekan iaz.

Uztailaren 31ra bitarte bilduko dira Urroz, Oiz, Gaztelu, Doneztebe eta Donamariako 19 gaztetxo, Erabilera Anitzeko Aretoan

Ikasturteari agur erran bezala, udako ludotekaz gozatzen hasiko dira Urroz, Oiz, Gaztelu, Doneztebe eta Donamariako hemeretzi gaztetxo. Ekainaren 24an hasi eta uztailaren 31ra arte, astelehenetik ortziralera, bilduko dira. Goizez dituzte saioak, 09:00etatik 13:00etara, Donamariako Erabilera Anitzeko Aretoan. Eskulanak, tailerrak, jokoak... egiten aritzen dira, Naiara Arrieta eta Alaitz Irigoien herritarren gidaritzapean. 

Igerilekua irekita

Arratsaldez, berriz, gozamena nahi dutenek herrian bertan  dute aukera. Izan ere, ekainaren 22an, joan den larunbatean, ireki zituzten igerilekuko ateak eta ordutik, eguraldia lagun dutenetan, badute nora jo. Eguna denbora-pasa ibiltzeko edo igeri egiten ikasteko balia dezakete. Izan ere, uztailaren 2tik 12ra igeriketa ikastaroa eskainiko dute (lerro hauek idazterakoan xehetasunak zehaztu gabe zeuden).

Aurten igerilekuan zolari eman zaion tratamendua dela eta (legeak behartzen duena), igerilekuan edozein oinetako erabili ahal izanen dute. Bertzalde, sarrerako eta instalazioko belarra hazten ari denez, sarrera parketik izanen da (atzeko atetik). Parkean ere, gibeleko zatia (seinalizatuta egonen dena) igerilekuko jendeak erabiltzeko utziko dute. Eta azkenik, aurten hamakak eta aulkiak onartuak izanen dira (etzaulkiak, berriz, debekatuak). Sorosleak Maite Migeltorena eta Jon Sagaseta izanen dira eta erabiltzaileek zalantzarik izanez gero, haiengana jo dezakete. Bonoak udaletxean egin daitezke. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun