«Dirulaguntzak ongietorriak dira, baina gehien behar duguna gazteen inplikazioa da»

Ttipi-Ttapa 2019ko eka. 26a, 07:30
Maider Omar, Doneztebeko gaztea.

Maider OMAR PORROY Gazte Burrunbako kidea

Motxila bizkarrean eta irria ezpainean harat-honatean ibiltzen den «gazte alaia eta lagunen laguna» da Maider Omar. «Lana eta urrutiko hezkuntzarako unibertsitateko ikasketak uztartzeko», astegunez Iruñean bizi da. Ortziralea ailegatu orduko, herrirako noranzkoa «kontent» hartzen du.

Herrian egiten du bizia eta bizia ematen dio herriak. Horregatik, aste hondarrak ahal bezainbertze baliatzen saiatzen da: «larunbatetan eskubaloian aritzen diren neskekin partidetara joaten naiz, entrenatzaile bezala. Ondotik, familiarekin eta lagunekin egoteko edo juerga egiteko aukerarik izanez gero ez dut galtzen».

Lan-zama arintzeko, herritar gehiago

Gustuko ditu bestak, «herrikoak bereziki» eta badaki horiez gozatu ahal izateko lan egin beharra dagoela. Horrexegatik, «duela lau urte» Gazte Burrunba elkartean sartzea erabaki zuen: «hasiera hartan ekitaldiak antolatzeko hamar lagun inguru biltzen ginen arren, pixkan-pixkan, jendeak ardura horiek hartzeari utzi zion». Horrela bada, azken aldian taldean gelditu ziren «gazte gutti batzuen artean» antolatu izan dituzte besta ttikiak eta inauteriak.

Lan-zamak gain hartzearen ondorioz, bazkideen «gogoa itzaltzen» ari zela oharturik, elkartea indarberritzeko bideari ekin zieten maiatzean: «egoera okertzen ari zela ikusita, gazte aunitz laguntzeko prest egon ziren eta horrek eman zigun aitzinera egiteko indarra».

«Herria bizitzea» helburu

Argi dute «jendearen parte-hartzearen bidez ekitaldi gehiago eta errazago» antolatu ahal izanen dituztela eta herriari «gazte mugimendua, bizitasuna» emateko gai izanen direla: «urteko bi besta garrantzitsu horiez gainera, bestetan txosna paratu eta gazteendako ekintzak antolatzeko edota kantu-bazkariak, mariatxiak, mus-txapelketak… eta bertzelako ekitaldiak aitzinera atera nahi genituzkeelako egin genuen deia».

Indarberritze-prozesua abiatu dutenetik bazkide kopuruak goiti egin duela aipatu digu doneztebar gazteak. Baina, oraindik orain, «herrian gazte aunitz garela ikusita, gutti garela erranen nuke». Are gehiago, zazpi baino ez dira antolakuntzan dabiltzanak: «hauetatik hiru berriki sartu dira» gaineratu du. Horrekin batera, badute bertze erronka bat: «parte-hartzea suspertzea». Azaldu digunez, «dirulaguntzak ongi etorriak eta eskertzekoak dira, baina gehien behar duguna gazteen inplikazioa da».

Inplikazio hori ezinbertzekoa zaie besta giroaz gain, «herria girotu eta laguntzeko» garatu nahi dituzten jardueretarako: «hitzaldiak, tailerrak, mendi-irteerak, erreka-garbiketak… dira buruan darabiltzagunak». Momentuz, ordea, herriko bestei begira ari dira: «Gazte Egunerako bazkaria, sorpresaren bat eta bingoa antolatzeaz gain mus txapelketa egitea aurreikusi dugu. Egunero, arratsaldez eta gauez txosna irekiko dugu…».

«Gazte Burrunban nagoenetik, herriko bestak gehiago bizi ditut»

Antolatze-lanetan ibiltzea ez da oztopo Omarrentzat, giro onean egiten den lana ere gozamen bilakatzen delako. Bere kasuan Gazte Burrunban egoteak gehiago gozatzeko aukera eman dio: «orain gehiago bizi ditut. Txosnak antolatzeko, txandak egiteko, edaria eramateko… goiz mugitu behar izaten dugu baina sortzen den giroak merezi du».

Gogotsu dago, bestetarako prest eta lehendabiziko egunaren zain: «hasiera berezia da, kuadrilla-bazkaria egiten dugu, ostatuetan pote bat hartu eta txupinazora joaten gara eta ondotik parranda egiten dugu». Biharamuneko Agur Doneztebe, trapatan- eta bandera- dantzak ere nabarmendu nahi izan ditu: «polita eta ikusgarria izaten da». Bertze egunetan ere badute zertaz gozatua: «herri-bazkaria, azken urteetan antolatu den Slaloma, Erreka dantza-taldearen emanaldia… arront politak dira».

Herrikoak izaki, berarendako ez dago Doneztebeko besten parekorik. Dena dela, «egunen antolaketa» aldatuko luke: «bestak ostegunarekin hasiko balira aunitzez hobe. Herritarrok lehendabiziko egunean elkarrekin egoteko eta lasai hasteko. Ortziralean jende dezente etortzen da, eta ongietorriak badira ere, herriko besten xarma galdu egiten da».

«Egunen antolaketa aldatuko nuke»

Momentuz datozen bezala hartu beharko ditu, hasierako egunetako eztandaren ondotik hartuko dute lasaitasuna eta herrikoak pasata bisitak bueltan eginen ditu: «inguruko herri gehienetako bestak gustatzen zaizkit, baita Iruñeko sanferminak eta Lekunberriko bestak ere». Uda bukaeran «eguzkia joan eta parrandak akitu» bitartean batetik bertzera ibiliko da eta ondotik, egunerokotasunera itzulera arintzeko «asteburuan pentsatuz» pasako ditu egunak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun