San Juan suak herriz herri

San Juan bezperako ospakizunak Bestaberri egunekoarekin bat eginen du aurten Zubietan

Ttipi-Ttapa 2019ko eka. 19a, 19:00

Bestaberri egunean aingeruek urteko azken emanaldia eginen dute.

Arratsaldean gazta lehiaketa eta dantzaldia izanen dituzte eta gauez afaria eta suak.

Mugimendu bikoitza izanen dute Zubietan igande honetan. Izan ere, aurten Bestaberri eguna eta San Juan bezpera egun berean ospatuko dituzte.

Bestaberri egunaren harira, arratsaldean meza izanen dute eta ondotik gazta lehiaketan bilduko dira. Irabazleak, Udalaren eskutik, Herriko Ostatuan bi lagunendako afaria jasoko du saritzat. Segidan, merienda izanen dute eta 18:30 aldera dantzaldian bilduko dira. Migel Angelek girotuko ditu bazterrak.

Horrez gain, azken urteetako ohiturari eutsiz, herriko gaztetxo eta gurasoek plazan afalduko dute. Afari autogestionatua izanen da. Mahaiaren bueltan lasai afaldu ondotik, eguna borobiltzeko su ttiki, koxkor zein handiak piztuko dituzte eta herritarrak saltoka ibiliko dira, urteko desioak eskatuz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun