Baztan-Bidasoko udalerrien turismo webgune berria aurkeztu dute

Ttipi-Ttapa 2019ko eka. 14a, 08:30
Webgune berriaren aurkezpenean izan zirenak, Donamariako Jauregiko atarian. Argazkiak: Irantzu Pastor

Donamariako dorretxean eman dute www.urarenbailarak.eus webgunearen berri

Donamariako dorretxean Uraren Bailarakek Baztan-Bidasoako udalerrien turismo webgune berria aurkeztu du ekainaren 13an. 25 pertsona inguru hurbildu dira aurkezpenera; Baztan-Bidasoako udaletako ordezkari politikoak, Nafarroako Gobernuko Turismo Departamentuko ordezkariak, Nasuvinsa-Lursareako ordezkariak, Cederna-Garalur Elkartea eta webgunean lagundu duten hainbat kolaboratzaile.

Baztan-Bidasoa eskualdearen proiektu estrategikoak aitzinera eraman eta kalitatezko turismo jasangarria bultzatzeko helburuz sortu zen 2015ean Baztan Bidasoa Turismo Garapena, eta hitzarmen honen marka turistikoa da hain zuzen ere Uraren Bailarak. Eskualdeko 18 udalerri dira proiektu hau sustatu eta finantzatzen dutenak; Baztan, Bertizarana, Doneztebe, Donamaria, Oitz, Urrotz, Beintza-Labaien, Elgorriaga, Ituren, Zubieta, Eratsun, Ezkurra, Sunbilla, Etxalar, Arantza, Igantzi, Bera eta Lesaka.

Leire Ortuostek, Doneztebeko Udaleko zinegotziak eta Uraren Bailarak-eko Promozio Batzordeko buruak aurkeztu du Uraren Bailarak eta honen webgune berria: «Uraren Bailarak-en bitartez, eskualde izaerarekin eta modu bateratuan egiten dugu lan turismo arloan. Baztan-Bidasoa osatzen dugun bailara eta herri ezberdinen arteko elkarlanean oinarritzen gara, eta hori ezinbertzekoa da helburu bateratuak lortzeko».

Baztan-Bidasoko bailara, herri eta baliabide turistiko eta naturalen promoziorako sortu da hain zuzen ere webgune berria: www.urarenbailarak.eus

Leire Ortuosteren arabera, «Baztan-Bidasoaren aniztasuna eta aberastasuna ongi irudikatzen du webguneak. Azken finean, leiho bat izanen da, gure eskualdea ezagutarazi eta bisitatzera gonbidatzeko. Gaur egun, ezinbestekoa da herraminta hau promozio turistikoa egiteko».

Ondoren, Irantzu Pastorrek, Uraren Bailarak-eko turismo teknikariak, webgunearen diseinua eta atal guztiak erakutsi ditu. Webgune berri honetan, irudiari garrantzi handia eman zaio, modu erakargarrian eta errazean eskualdeko herriak, paisaiak, ibilbideak, arkitektura ondarea, feriak edo bestak ezagutzen ahal dira. Herri guztien mapa interaktibo bat ere badago eta hiru hizkuntzetan dago webgunea; euskaraz, gazteleraz eta frantsesez. Elizondoko Baztanet enpresak egin du diseinua.

Bukatzeko, Donamariko Benta Jatetxean Nafarroako produktuetan oinarritutako pintxo dastaketa egin da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun