Beintza-Labaiengo eskolak ateak itxiko ditu

Gurutze Pikabea 2019ko eka. 15a, 11:00
Elur, Adur, Hodei, Oier eta Naroa, ikasturte honetan Beintza-Labaiengo eskolan ibili diren bortz ikasleak. Argazkia: Miren Irurtzun

Bost ikasle egon dira azken ikasturtean Beintza-Labaiengo eskolan. Irailetik aurrera, ordea, denak, orain arte herrian egon direnak eta lehendik Doneztebeko eskolan dabiltzan herriko haurrak Doneztebeko ikastetxera joanen dira, gurasoek han matrikulatzea erabaki dutelako

«Pena» hitza da Beintza-Labainen ahoz aho dabilena. Bai behinik behin askoren ahotan. Eta eskola da horren atzetik dagoena. Herrian eskola bat zabalik mantentzeko Nafarroako Gobernuak ezarritako guttieneko haur kopurua gainditzen duten arren, heldu den ikasturtean, Beintza-Labaiengo eskolak ateak itxita edukiko ditu. Ez da Nafarroako Gobernuaren erabakia izan; gurasoak dira Donezteben matrikulatzea erabaki dutenak, «bi urte daramatzagulako itxiko den edo ez den galderarekin eta horrela ezin dugulako ibili». Halaxe kontatu digu Izaskun Bertiz Beintza-Labaiengo gurasoak. Gaineratu duenez, «Gobernuak ez du eskola itxi, baina gerora ez da matrikula gehiago izanen eta orain ez bada, datorren urtean itxiko denez, Donezteben matrikulatzea erabaki dugu guraso guztiok».

 

Iaztik bueltaka

Beintza-Labaiengo eskola ixtearena ez da oraingo eztabaida. Joan den urtean ere eskolaren jarraipena zalantzan paratu zuten. Horregatik azaldu digu Miren Irurzun eskolako zuzendariak «iazkoa urte gogorra» izan zela. «Bortz ikasleetako bat Doneztebera joan zitekeela eta, lauzpabost ikaslerekin Hezkuntza Departamentuak eskola irekitzea zaila izanen zela adierazi zuen». Segitzeko asmoz, «Saldiasko eta Beintza-Labaiengo eskola elkartzeko proiektu bat ere egin genuen, baina azkenean ez zen aurrera atera». Hainbeste bueltaren ondotik, «gurasoek urte bat gehiago gelditzea» erabaki zutela dio zuzendariak «eta aurtengoa azkenengoa izanen zela argi zuten. Erabaki zutenean ikuskariari jakinarazi genion».

«Eskola ttikiek alde on asko dituzte»

«Agur moduan zerbait eginen dugu»

Miren IRURZUN, eskolako irakaslea

Udala, bere aldetik, «ahal duen neurrian» eskola mantentzen saiatu dela adierazi digu Jon Telletxea alkateak. Joan den ikasturtean Gobernuko ordezkariekin hartu-emanetan ibili ziren: «nahiz eta ume gutti izan, ondotik haur gehiago sartzeko aukera izanez gero, mantentzen saiatuko zirela erran ziguten. Landa eremuetako eskolak mantendu nahi zituztela eta alde horretatik ez kezkatzeko erran ziguten». Horrez gain, «beste alternatibak» ere aipatu omen zizkieten: «Doneztebeko eskola kontzentraziora joan beharrean, goian gauden hiruzpalau herrien artean kontzentrazio ttiki bat egiteko asmoa ere erakutsi zuten. Irekiak zeuden. Gero ez dakit zer gauzatuko luketen, baina hitzez hala adierazi zuten».

Bestetik, «eskolak segituko zuen itxaropenarekin» azken bi agintaldietan Udalak hainbat mantentze-lan egin dituela ere kontatu digu: «teilatua berritu, fatxada txukundu, berogailu berria jarri... Baina horrela gertatu da». Bere hitzetan, «nahiz eta gutti izan umeak hor edukitzeko eta aurrera segitzeko konpromisoa behar da. Erabaki pertsonalak dira eta norberak hautatzen du bere umeen hezkuntza non eta nolakoa nahi duen».  Alkateak Saldiasko kasua ekarri du gogora: «orain dela urte batzuk alderantzizko egoeran egon ziren. Hiru ikaslerekin mantendu zuten eta orain 13 dira. Kopuru polita dute. Saldiasko kasuak egoera alda daitekeela erakusten du».

Irurzunek, bere aldetik, «herrian haur gehiago» badirela oroitarazi du, «baina Doneztebeko eskolara joaten dira. Horiek guztiak herriko eskolan egonen balira, Beintza-Labaiengo eskolak hamar bat ikasle izanen lituzke. Herritarrek ez badute horren aldeko apustua egiten, zaila da eskolak segida izatea».

 

Ttikiaren alde onak

Mila ikasle baino gehiagoko ikastetxe bat utzita, duela lau urte ailegatu zen Irurzun Beintza-Labaiengo eskolara. Hango irakasle eta zuzendari izan da geroztik. Bederatzi ikaslerekin hasi zuen ibilbidea eta bostekin bukatuko du, eta aitortu digunez, «pena handiarekin». Gustura pasatu ditu lau urteak, eta «jarraitzeko prest» egonen litzatekeela ere onartu digu, eskolak «asko» eman diolako eta «ikasleekin eta gurasoekin harreman berezia eta estua» izan duelako. «Haurrak nire bigarren familia izan dira eta asko maite ditut». Hortaz, eskola ttikia eta handia balantza batean paratuko balitu, «zalantzarik gabe» aukeratu ditu ttikiak, bere ustez, handiek ez dituzten «alde on asko» dituztelako: «ikasle eta gurasoekin hurbileko harremana, haurraren autonomia lantzeko aukera, irakaslearen lan egiteko askatasuna...».

«Orain ez bada datorren urtean itxiko lukete»

«Eskolara oinez joateak ez du preziorik»

Izaskun BERTIZ, gurasoa

 

Guraso izateaz gain, eskola ttiki bateko irakaslea da Bertiz eta berak ere eskola ttikietan «alde onak asko» direla uste du: «familia bat bezala gara. Hainbat adinetako ikasleak nahasturik egonik, harremanak oso hurbilekoak eta goxoak izaten dira. Elkar zaintzeko eta elkarrengandik ikasteko aukera ematen du». Ikaskuntza «oso pertsonala» dela eta eskola handi batean «ezinezkoa» den harremana sortzen omen da «ikasle, irakasle eta familien artean». Bere kasuan, sei eta lau urteko seme-alabak herriko eskolan eduki ditu orain arte, «herrian eskola izanda haurrak herrian integratzeko egokiena» dela pentsatzen duelako. Horrekin batera, «haur bati, batez ere Haur Hezkuntzan, herriko eskolan egoteak segurtasuna eta konfiantza» ematen diola azpimarratu du Bertizek. Gainera, bere irudiko, «eskolara egunero oinez joateak ez du preziorik».

 

Lehen oinez, orain autobusez

Irailetik aitzinera hori izanen da ikasturte honetan Beintza-Labaiengo eskolan ibili diren Elur, Adur, Oier, Naroa eta Odeik sumatuko duten aldaketetako bat. Orain arte etxetik eskolarako bidea oinez egin duten bezala, autobusez egin beharko dute. Hantxe elkartuko dira lehendik Donezteben dabiltzan Beintza-Labaiengo beste bost ikasleekin. Orain arte, astean behin Legasako eskolara joateko hartu izan dute autobusa. Irailetik aurrera, ordea, egunero 08:30ean hartuko dute Doneztebera dauden 12 kilometroak egiteko. 09:00etan sartuko dira eskolan eta egunaren arabera ordu batean edo bertzean aterako dira: astelehenetan eta ortzegunetan 16:30ean atera eta 17:00etan ailegatuko dira herrira; astearte eta ortziraletan 16:00etan atera eta 16:30 izanen dituzte etxeratu orduko. Asteazkenetan, berriz, bazkaltzera etxera joanen dira. 

 

Agur xumea ekain hondarrean

«Ez nuen atea itxi eta giltza bota nahi eta hortaz, eskolari agur xume bat eginen diogu». Halaxe kontatu digu zuzendariak. Ekain hondarrean eginen dute hitzordua, hilaren 26an edo 27an (lerro hauek idazterakoan, eguna zehaztu gabea zuten). «16:00etan azken hamar urteotan eskolatik pasatu garen irakasle, ikasle eta gurasoak eskolan elkartuko gara eta udal ordezkariak ere gonbidatuko ditugu». Azken urteotako argazkiekin erakusketa eginen dute, «gero, bertso bat kantatu eta merienda eginen dugu».

«Udala eskola mantentzen saiatu da»

«Behar baino lehenago itxiko da eskola»

Jon TELLETXEA, alkatea

Aurtengoa «etapa baten amaiera» izanen dela dio Irurzunek, gustatuko litzaiokeen arren, «zaila» ikusten baitu «behin itxiz gero, etorkizunean eskola berriz irekitzea». Telletxeak ere «oraingoz behinik behin» ez du eskola berriz irekitzeko aukerarik ikusten: «berez, oraindik segi beharreko eskola zen, baina hola gertatu da eta behar baino lehenago itxiko da». Herrian «hutsa» nabarituko dutela dio, «haurrak eskolara sartzerakoan edo ateratzekoan mugimendua nabaritzen delako, baita patioan dauden denboran ere».

Eskola itxiko badute ere, Irurzunek «han edo hemen, garrantzitsuena haur horiek zoriontsu izatea» dela nabarmendu nahi izan du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun