Erreka Kirol Elkartearen eguna ekainaren 1ean ospatuko dute Donezteben

Ttipi-Ttapa 2019ko mai. 28a, 12:00

Ortziralean Tafallan saritua suertatu zen Erreka taldeko ordezkaritza.

Bezperan eskubaloi partidak, puzgarriak eta mus txapelketa izanen dituzte eta udalak harrera eginen dio eskubaloi taldeari, aurten lortutako emaitzak goresteko

Doneztebeko Erreka Kirol Elkarteak, Udalaren eta Gazte Burrunbaren laguntzaz, denboraldia behar bezala akitzeko, urteko besta nagusia antolatu du. Ekainaren 1ean, heldu den larunbatean, zehaztu dute hitzordua. 

Bezperatik mugimendua

Bezperatik, hau da, maiatzaren 31tik, mugimendua nabarituko da herrian. 18:00etan umeak eskubaloian ariko dira eta 20:00etan seniorrei harrera  eginen diete udaletxean, lortutako dobletearen lorpena eskertzeko. Bien bitartean, 17:00etatik 20:00etara puzgarriak izanen dira, kiroldegian.

22:00etan Santa Luzia Plazan mus txapelketa handia jokatuko dute (irabazleentzat 300 euro eta bigarrenentzat 100 euro). Izena emateko 10 euro ordaindu beharko dituzte bikoteko.

 

Larunbatean egun osoko egitaraua

Ekainaren 1a, larunbata, izanen da egun handia. 08:30ean Malerrekan barna bizikleta-bira  izanen dute (56 kilometrokoa eta bukaerank merezitako aperitiboa izanen duena). 09:30etik aitzinera kiroldegian gazteak eskubaloian ariko dira (alebinak, kadeteak eta infantilak); eta eguerdian, 12:00etan, Errekako Judo Eskolako erakustaldia izanen dute. Goizean pilota partidak izanen dituzte frontoian.

Arratsaldean, 16:30ean, seniorren arteko eskubaloi partida izanen dute kiroldegian eta 17:30ean Final Four lehiaketa (Erreka A - Erreka B- Beteranoak - RK Balonpie). Atsedenaldian, ikusleek Erreka dantza-taldeak eskainiko duen emanaldiaz gozatu ahal izanen dute. Luchon-Doneztebe egiten duten txirrindulariei, ailegatzen diren orduaren arabera, kiroldegian edo Santa Luzia plazan eginen diete harrera.

19:30 aldera trikipoteoa eginen dute kiroldegitik eta eguna akitzeko 21:00etan herri-afarian bilduko dira Santa Luzia Plazan. Afalondoan, Oharkabe taldearen eskutik, dantzarako tartea izanen dute.  Sorpresak ere izanen direla jakinarazi dute.

 

Sariak Tafallan

Joan den ortziralean, Nafarroako Eskubaloi Federazioak 2018-2019 denboraldiari dagozkion sariak banatu zituen Tafallan. Tartean, Errekako jarraitzaileek afizio onenaren saria jaso zuten (Naiara Apeztegiak eta Marisol Iturriak jaso zuten). Gainera, Errekako Oier Berasategik jaso zuen bigarren maila nazionaleko jokalari onenaren saria. Asobal ligako jokalari nafar onenaren saria Doneztebeko Ibai Meokik eskuratu du, baina Tafallara joan ezin izan zuenez, David Mindegiak hartu zuen bere izenean.

Doneztebetik datozen eskubaloi berri bikainekin akitzeko, Niko Mindegiak Frantziako kopa irabazi du asteburu honetan Chambery taldearekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun