«Herriak eta bizitzak momentu honetan ematen didan lasaitasunaz gozatzen ari naiz»

Ttipi-Ttapa 2019ko eka. 2a, 10:00

Uxoa Elizalde, Zubietako gaztea.

Uxoa Elizalde Arratxea Zubietako gaztea

«Hogeita lau urteko gazte alaia eta lotsati samarra» da Uxoa Elizalde. Arren pasa izan ditu haurtzaro eta gaztaroko astegunak; asteburuak, berriz, Zubietan. Dena dela, bere burua zubietartzat du: «Arre ikasketekin loturiko eremua izan da niretako, Zubieta lagunez eta naturaz gozatzekoa».

Herriak «askatasuna» eman dio: «karrikara ateratzeko mugatuagoak egon gara Arren eta nahi edo ez hizkuntzak ere eragina izan du nigan. Euskaraz mintzatuz erosoago sentitzen naiz, gazteleraz antzerkia egiten ari banintz bezala...».

Motxila hartu eta herrirantz abiatzen ziren ostiral arratsaldeetako oroitzapena iltzatua du zubietar gazteak: «udako egun beroetan euria hasi berri denean lurrak botatzen duen usaina, bizikleta hartuta egiten nuen bueltaxka eta aste oso baten ondotik maindire hotzak...». Oraindik orain, «losa beroak lehen euri tantekin botatzen duen usainak ostiral ilunabarrak oroitarazten dizkit». Txikitako «ametsa egia bihurturik», gaur egun Zubietan bizi da: «alabak eskolan hasi behar zuenean hartu genuen erabakia. Familia gisa independente izan nahi genuen eta alabari egonkortasuna eta lasaitasuna eskaini». Alde horretatik «gurasoei eskerrak» eman nahi izan dizkie: «haiek eman didate horretarako aukera».

Zubietara jo aurretiko urteak «nahiko kaotikoak» izan dira berarendako: «alaba, ikasketak, lana, orain Arrera, bihar Urrozera eta etzi Zubietara...». Herriak eta bizitzak momentuan ematen dion «lasaitasunaz gozatzen» ari da orain: «ikasketak bukatu ditut, alaba koxkortzen ari da eta familiaz zein zaletasunez disfrutatzeko nahikoa denbora daukat».

«Euskaraz mintzatuz erosoago sentitzen naiz, gazteleraz antzerkia egiten bezala»

Maite du herria, maite ditu mendiak. Aukera duen guztietan joateko aprobetxatzen du: «ahal badut egunero ematen dut bueltatxoren bat. Gogoko dut goititzean izaten dudan sentsazioa, haizeak jotzea, txoriak aditzea, baita lehertu beharrean sentitzea ere». Bakarrik zein lagunekin joatea maite du, eta, zentzu horretan, «balio aniztuna» dela esanen luke.

Egun batetik bestera bada alderik. Trinitate Eguna, esaterako, berezia da: «familiakoekin goititzeko eguna da. Txikitatik joan izan naiz, guraso, izeba-osaba eta lehengusu-lehengusinekin». Aurten ere badu asmoa: «familiarekin joanen naiz eta eguraldia kontran ez badugu alaba gurekin joanen da». Eta hortik lanera joanen da: «azken urteetan goizean goizik joaten naiz, gero ogitarteko bat jan eta lanera! Kontrako noranzkoan bizi naiz ni, asteburuak lan eta astegunak jai».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun