Doneztebeko Osasun Zentro berriak erradiologia zerbitzua eskainiko du

Ttipi-Ttapa 2019ko mai. 27a, 08:30
Doneztebeko Osasun Zentro berrirako 2,9 milioi euroko inbertsioa egin dute.

2,9 milioi euroko inbertsioa egin dute eta 5.338 bizilagun artatuko ditu ekain hondarretik aitzinera

Doneztebeko Osasun Zentro berriaren lanak akitu ditu Osasunbideak. Ekain hondarrerako irekitzea espero dute, ekipoak eta altzariak instalatu ondotik. 1.400 metro koadroko solairu bakarreko eraikinean 2,9 milioi euroko inbertsioa egin dute eta 5.338 bizilagun artatuko ditu.

Zentro honetan, lehen arreta, erretinografia, erradiologia eta errehabilitazio osasun zerbitzuak eskainiko dituzte, azken hauek eskualde osorako.

Erabilera anitzeko aretoaz, erradiologia-aretoaz eta errehabilitaziorako gimnasioaz gain, 16 kontsulta ere izanen dira: hiru familia-medikuentzat, lau erizainentzat, bat pediatrarentzat, bat gizarte-langilearentzat, bi espezialdutako asistentziarako, gela bat kirurgia ttikirako, gela bat larrialdietarako, extrakzioetarako (¿) eta proba osagarrietarako gela, estimulazio goiztiarreko kontsulta eta albaitariarendako bulegoa.

 

Erradiologia zerbitzua

X- izpien ekipo moderno bat ere izanen dute Doneztebeko Osasun Zentroan, 200.000 euro inguru gosta dena. Honela, hemendik aitzinera erradiologia zerbitzua zuzeneanb bertan eskaintzeko aukera emanen dute, Iruñera joan beharrik gabe. Zerbitzu hau eskaintzen uda akabailan hasiko dira, ekipo guztia instalatu eta langileen formakuntza egiten dutenean.

Osasunbideak Nafarroa osoko bortz Osasun Zentrotan paratu du erradiologia zerbitzua aitzineko legealdian, osasun zerbitzuetarako herritarren sarbidea erraztea eta lehen arretako profesionalen ahalmena handitzea helburu duen programaren baitan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun