Hainbat drogetan positibo emateagatik auto gidaria geldiarazi dute Doneztebe ondoan

Ttipi-Ttapa 2019ko mai. 26a, 07:29

Foruzainek autoaren barnean heroina, haxis, speed eta kokaina atzeman diote gidariari, eta autoan 10 urteko haur bat eserlekuan erretentzio-sistema homologaturik gabe

Diario de Noticiasek aditzera eman duenez, larunbatean 14:00 aldera kontrol batean Foruzaingoak auto bateko gidaria geldiarazi du NA-121A errepidean, Doneztebetik hurbil. Autoa erregistratzerakoan foruzainek 2 gramo heroina, 12 gramo haxis, 2 gramo speed eta kokaina gramo bat atzeman diote. Ondotik droga kontsumoaren testa egin diote gidariari eta honek positibo eman du droga guztietan.

Ondorioz, foruzainek autoa immobilizatu egin dute drogen ondorioak pasatu arte eta gidariari hiru salaketa jarri dizkiote. Lehena drogen eraginpean gidatzeagatik (1.000 euroko isuna eta gidabaimeneko sei puntu kentzea dakarrena), bigarren isuna drogak eramateagatik (Nafarroako Gobernuaren Barne Departamentuaren esku geldituko da eta 601 eta 30.000 euro arteko isuna jartzea) eta, hirugarrena, autoaren barnean eserlekuan erretentzio-sistema homologaturik gabe 10 urteko haur bat eramateagatik (200 euroko isuna eta gida-baimenean 3 puntu kentzea dakarrena).

Haurraren aita gertaeraren tokira joan da umeaz kargu egitera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun