Zubietako plazaren mendeurren ospakizuna antolatzeko bilera larunbatean

Ttipi-Ttapa 2019ko mai. 22a, 20:00
Ospakizun datarik ez dute zehaztu.

Heldu den larunbatean, maiatzaren 25ean, plazaren mendeurren ospakizuna antolatzeko hirugarren bilera eginen dute Zubietan. Herriko Ostatuan bilduko dira, 19:30ean.

Aurreko bileran bildutako proposamenei helduko diete. Apirilaren 13ko bilkuran herriko jendeari argazki zaharrak bildu eta horiek egungoekin alderatuz erakusketa bat egitea aukera ona izan zitekeela aipatu zuten. Era berean, tailerrak, pilota-partidak eta dantzak antolatzeko aukerez solastatu ziren.

Horrekin batera, herriko gazteei parte hartzeko aukera luzatu nahi izan zieten. Horretarako, 18 eta 20 urtetik goitikoei atautxi-amatxi edo herritarren batekin elkarrizketa bat egitea proposatu zieten, gazte garaiko plazako bizimoduaz solastatzeko. Era berea, 9 urte ingurukoei plaza inguruan egiten zituzten jokoak biltzeko deia egin diete. Ondotik, liburuxka bat egitea da asmoa. Lan-ildoak zehazten eta nondik norakoak pentsatzen ari badira ere, oraindik data adostu gabe dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun