Ibai Meoki, Jone Uriarte, Oier Berasategi eta Erreka Kirol Taldea sarituko ditu Nafarroako Eskubaloi Federazioak

Ttipi-Ttapa 2019ko mai. 21a, 12:31
Errekak ere saria hartuko du, bere zaleak jarraitzailerik onenak izendatu baititu Eskubaloi Federazioak.

Nafarroako Eskubaloi Federazioak 2018/2019 denboraldiari dagozkion sariak banatuko ditu asteburu honetan Tafallan eta sari horietako aunitz eskualdera etorriko dira.

Ohorezko mailako kirolari onenaren saria, gizonezkoetan, Helvetia Anaitasuna taldean ari den Ibai Meoki Etxebeste doneztebarrak jasoko du. Gainera, aipatzekoa da, taldeak bertze urtebeterako kontratua luzatu diola Doneztebeko erdilariari.

Emakumezkoen Lehen Maila Nazionaleko kirolari onenaren saria, berriz, Baztanera joanen da. Baztango Kirol Taldean ari den Jone Uriarte Jaimerena erratzuarrak jasoko du. Bigarren Maila Nazionalean, gizonezkoetan, Erreka taldean ari den Oier Berasategi Elizondo doneztebarra izendatu dute kirolari onena. Erreka taldeak, bere aldetik, jarraitzaile onenaren saria hartuko du.

Sari banaketa ortzirale honetan, maiatzak 24, Tafallako kulturgunean eginen dute, 19:00etan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun