Errenteriako Hirusta abesbatzak kontzertua eskainiko du maiatzaren 25ean Donezteben

Ttipi-Ttapa 2019ko mai. 22a, 14:00

Errenteriako Hirusta abesbatzak emanaldia eskainiko du larunbatean Doneztebeko elizan.

Larunbatean 20:00etan elizan, Mendi abesbatzak antolatua

Maiatzaren 25ean Donezteben bertze musika hitzordu garrantzitsua izanen dute. Parrokian izanen da, larunbatean 20:00etan. Honakoan Errenteriatik Hirusta Abesbatza hurbilduko da Doneztebera, Mendi Abesbatzak antolaturik. Abesbatza honek ibilbide zabala du eta hainbat lehiaketetan saritua izan da. 

Musika programa anitza abestuko dute, hainbat estilo eta garaietako obrekin osatua. 

Abesbatza honi Doneztebeko Mendi Abesbatzako kideek ongi etorri musikatua emanen diote bi kantu abestuz. Ondotik, bisitariek abestuko dute kontzertuaren zati handiena. Akitzeko, bi abesbatzak elkartu eta bi kanta abestuko dituzte.

 

 

Hirusta Abesbatza 

1998an ekin zion jardunari. Harrezkero, eta 2009. Urtean bere jarduera eten arte, beste abesbatza batzuekin trukeak egiteaz gain hainbat ziklotan parte hartu zuten: Santa Cecilia, Andra Mari abesbatzak antolatua (2002 eta 2008), Pasai Donibaneko XIII. Musika Jardunaldiak (2003), Nazioarteko Abesbatzen IV. Topagunea (Mungia, 2004), Antxoko VIII. Musika eta Abesbatza Astea, Pasaitar Musika Elkarteak antolatua (2005, 2008 eta 2018) eta XII. Aita Donostia Musika Astea (2009). Gipuzkoako Abesbatzen Federazioak 2006ko urrian Tolosan egindako I. Topaketan parte hartzera gonbidatu zien. 2017ko urtean berriro jaso zuen gonbidapena Tolosako Topaketan parte hartzeko. 

2004. urtean Lehen Saria irabazi zuten Ejea de los Caballeros XXXV. Abesbatzen Lehiaketan. Finalista izan ziren Kantu Koraleko VIII. Sari Nagusi Nazionalean, Molina de Seguran (Murtzia, 2005), Lehen Saria eta Publikoaren Saria irabazi zituzten, gainera, XXVI Fira de Tots Sants Abesbatzen Lehiaketan, Cocentaina udalerrian (Alacant, 2006ko azaroa). 2008ko azaroan II Firacor – VIII Fira de Tots Sants Abesbatza Lehiaketan parte hartu zuten, berriz ere Cocentainan, eta Publikoaren Saria eraman zuten.

2007ko martxoan TEPODO Elkarteak antolatutako Euskal Konpositoreen Lehen Zikloan parte hartu, eta Eva Ugalde musikagileak abesbatzaren mandatuz idatzitako lan bat estreinatu zuten.

2009ko maiatzean, bere jarduera korala etetea erabaki zuen abesbatzak; izan ere, kideen familia-konpromisoak tarteko, zaila egiten zitzaien abesbatzaren funtzionamenduari eustea. 2015an, berriz ere elkartzeko eta jarduera koralari berrekiteko erabakia hartu zuten, hala, udako solstizioaren omenezko kontzertu bat eman zuten Oarso Kantari jaialdian, eta 2016an San Vicente de la Barquera XLVI. Marinel Abestien Lehiaketan parte hartu zuen. Aho-zapore goxoa utzi zien azken esperientzia horrek; hainbeste, non aro berri bat abian jartzera animatu zituen, baita errepertorioak prestatzeko aukera emango die jarduerakoral erregularra hastera ere.

Geroztik, abesbatzak, Hondarribiako eta Bartzelonako abesbatzekin elkartrukeak izan ditu eta abesbatza zikloetan ere parte hartu du, horren kasu,  Gipuzkoako Abesbatzen Federazioak antolatzen duenTolosako Topaketan 2018ko azaroan eta Pasaitar Musika Elkarteak antolatzen duen Antxoko  Aste Musiko-Koralean.

2018ko abenduan, Neguko Solstizioari buruzko kontzertua eman zuen,publiko aldetik zein kritika aldetik arrakastatsua izanik. Horrek guztiak, abesbatza,   diziplina eszeniko ezberdinak batzen dituen produkzio tematikoak prestatzen jarraitzera animatu ditu.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun