Laxoa Egunean, txapelketako partidarik ez baina ekitaldi ofiziala egin dute Donezteben

Ttipi-Ttapa 2019ko mai. 20a, 12:57

Bear-Zana pilota plaza historikoan egin zuten ekitaldia.

Pilota modalitatea kultura ondasuntzat jo du Nafarroako Gobernuak berriki eta sari hori ospatu dute Bear Zanan

Nafarroako Gobernuak laxoa pilota modalitatea kultura ondasuntzat jo zuen (BIC delako aitortza eginez) maiatzaren 8an. Figura juridiko horrek historia, arte, hirigintza, etnografia, zientzia, teknika edo gizarte balio berezia duten ondasunak babesteko helburua du. Saritxo hori ospatzeko Laxoa Elkarteak bere eguna ospatu zuen igandean Donezteben. Laxoa txapelketako partidarik ez zen jokatu euriagatik, baina ekitaldi ofiziala egin zuten.

Ekitaldi horretan, Laxoa Elkarteko Tiburtzio Arraztoa; Ana Herrera, Nafarroako Gobernuko Kultura, Kirol eta Gaztediaren departamentuko kontseilaria, Xanti Uterga, Doneztebeko alkatea eta laxoa eta erremonteko pilotaria, Joxelu Retegi Arraiozko alkatea eta Oihane Prim Iruritako alkatea izan ziren, Nafarroako Gobernuko bertze zenbait ordezkarirekin batera. Ana Herrera kontseilariak, antzinako argazki bat eta Tiburtzio Arraztoaren hondarreko liburua, ‘Doneztebe pilotari’ jaso zituen oparitzat. 

Ondotik, mokadutxoa dastatu zuten eta laxoari buruzko panelak ere ikusgai izan zituzten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun