Eguraldi txarrari aurpegi ona erakutsi diote Malerreka Egunean

Ttipi-Ttapa 2019ko mai. 20a, 08:59

Euria ez zen oztopo izan larunbatean Ezkurran Malerreka Eguna ospatzeko. Jende asko ibili zen egun osoan prestatuak zituzten ekitaldietan. Heldu den urtean Donamarian eginen da Malerreka Eguna.

Eguna hasteko, bortz zubietarrek eta Ezkurrako bi lagunek aurreikusitako mendi martxa egin zuten. Eta 09:00 aldera herrietako ordezkariak gosaltzeko elkartu ziren, eta Isabel Elizalde Landa Garapeneko kontseilaria ere han izan zen.

10:30ean eman zioten ofizialki hasiera bestari, 85 urtetik gorako Ezkurrak herritarrak omenduz. Dantzariek Aurreskua dantzatu zieten. 11:00etatik aurrera artisauak atera ziren eta dantzariek, buruhaundiek, joaldunek eta Ainhoa Galainek alaitu zuten goiza. Eguerdian, eratsundarrek, zubietarrek, elgorriagarrek eta ezkurrarrek prestatuko paella dastatzeko aukera izan zen eta arratsaldean, muxikoak dantzatzen ibili ziren. Haurrek jokoak ere izan zituzten eta txokolate beroa ere bai meriendatzeko. Herriz herri egindako mus txapelketetatik sailkatutako 16 bikoteek finala ere jokatu zuten eta txapela etxean gelditu zen, Ezkurrako Cristobal Zabaleta eta Joseba Telletxea nagusitu baitziren. Tenore berean, Beintza-Labaiengoek aizkora apustua eskaini zuten.

19:00etatik 20:00etara dantzaldia izan zen eta ondotik, lekukoa pasatzeko ekitaldia egin zuten. Hala, heldu den urtean Donamarian antolatuko dute Malerreka Eguna. Segidan, Barranka jatetxean egindako herri-afarian 50 bat lagun elkartu ziren eta ondotik dantzaldia izan zen.

Ezkurratik jakinarazi dutenez, boleto sarituen jabeak oraindik ez dira atera. Lehenbiziko saria 2.105 zenbakiari egokitu zaio, bigarrena 2.771 zenbakiari eta hirugarrena 2.690 zenbakiari.

Bestalde, Ezkurrako Udalak eskerrak eman nahi izan dizkiete modu batera edo bestera Malerreka Egunean lagundu duten guztiei, «zoragarria izan da herritarrek eta lagunek hartu duten konpromisoa eta eskaini duten laguntza».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun