Doneztebeko IATn aurretiko hitzorduarekin bakarrik eskaintzen dute zerbitzua

Ttipi-Ttapa 2019ko mai. 17a, 13:46

TÜV Rheinland enpresak kudeatzen duen Doneztebeko IAT zerbitzuan, duela gutti arte, ez zen aitzinetik hitzordurik hartu behar izaten. Gaur egun, ordea, internetez edo telefonoz ordua hartuta bakarrik eskaintzen dute zerbitzua.

Enpresatik adierazi dutenez, ibilgailuen pilaketak ekidin nahi dituzte horrela. Ibilgailu arinen kasuan (bi eta hiru gurpildunekoetan izan ezik), internetez edo telefonoz (948 456 041) hartu daiteke hitzordua. Gainerakoetan telefonoz deitu behar da. Aipatu, asteazkenero egutegia kaleratzen dutela erabiltzaileek hitzordua hartua ahal izateko.

Astelehenetik ortziralera 08:00etatik 17:00etara egoten da zabalik Doneztebeko estazioa eta larunbatetan, 08:00etatik 13:00etara.

Doneztebeko kasuan bezala, enpresa berak kudeatzen dituen Irungo, Urnietako, Iruñeko Mercairuña eta Arbizuko estazioetan ere aitzinetik hitzordua hartuta eskaintzen dute zerbitzua. Aitzitik, Revisiones de Navarraren baitan dauden Noain, Azkoien, Lizarra eta Tuterako estazioetan internetez hitzordua hartuta edo gabe eskaintzen dute zerbitzua, eta enpresa berak kudeatzen duen Zangozako estazioan aitzinetik hitzordurik hartu gabe. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun