Zortzi ahari bakarrik aurkeztu dituzte Doneztebeko Udaberriko feriako lehiaketara

Ttipi-Ttapa 2019ko mai. 10a, 14:04

Hamabigarren edizioko lehenbiziko sariak Donamariako Zabaltenekoak eta Ezkurrako Etxenekoak irabazi dituzte

 

Doneztebeko Udaberriko feria hamabigarren aldiz ospatu da ortziralean, maiatzaren 10ean, Doneztebeko Udalak, Nafarroako Gobernuaren eta Cederna-Garalur eta Doneztebarrak elkartearen laguntzaz antolatua. Zazpi baserritarrek zortzi ahari aurkeztu dituzte lehiaketara, azken urteetako kopururik ttikiena (iaz baino 6 guttiago eta duela bi urte baino 14 guttiago). Argazkiak: Alicia Del Castillo

Goizeko 11etatik eguerdiko ordubatetara hamabigarren ahari lehiaketa egin da Merkatu Plazan. Lehiaketa honetan, Malerrekako latxa arrazako ahariek parte hartzen ahal dute eta aurten zortzi buru bakarrik aurkeztu dira lehiaketara, zazpi artzainen eskutik. Lehiaketa ahari mutur gorri eta mutur beltzendako irekia bada ere, zenbait edizioetan gorriak bakarrik agertu dira. Aurten, berriz, lau ahari muturbeltz eder aurkeztu ziren. Horien artean, Donamariako Zabalteneko Joxe Mari Indak aurkeztutakoarentzat izan zen 120 euroko lehen saria. Bigarren saria, 70 euro, Urrozko Iturraldeko Eustasio Mariezkurrenaren ahariarendako izan da eta hirugarrena, 50 euro, Donamariako Porotxeneko Jose Miguel Lasagaren ahariarendako.

Mutur gorrien atalean ere lau buru aurkeztu dira eta diru-kopuru bera izan dute saritzat hiru lehenbizikoek. Lehenbiziko saria Ezkurrako Etxeneko Jose Luis Mariezkurrenak aurkeztutako ahariarentzat izan da. Bigarren saria Doneztebeko Edurne Erasunek lortu du eta hirugarrena Doneztebeko Koro Antxurenaren ahariak eskuratu du. Alfredo Basterra albaitariak eta Patxiku Mitxelena zubietarrak osatu dute epaimahaia eta Nerea Telletxea eta Leire Ortuoste zinegotziek banatu dituzte sariak.

 

Eskulangileak eta behi eta saldo aziendak

Baina dena ez da ahari lehiaketa izan eta, eguraldia lagun, azienda feria polita gelditu zen ortzirale eguerdian, Martin anaiek eta Mikel Mendiburuk aurkeztutako behi eta zaldiekin. Gainera, azken urteetan bezala, Bordatxo aldeko aparkalekuan bildu diren eskualdeko eskulangileek ere beraien produktuak atera dituzte eta horrek lagundu du feria giroa ederragoa izan dedin. Eskulangileei dagokienez, Doneztebeko Jose Luis Olaizolaren grabatuak, Doneztebeko Lourdes Goñiren Lule etxeko goxokiak, Zubietako Joxepa Loiarteren taloak, Zubietako Miguel Arregiren egur-lanak, Zubietako Santiago Hualderen egur-lanak eta kaikuak, Zubietako Maria Salanuevaren pomadak, Urrozko Marimar Torresen kosmetika naturala, Saldiasko Ahinitz Gerrikagoitiaren jantzi-osagarriak eta Eratsungo Malu Alvarezen zilar-lanak plazaratu dituzte, baita Nafarroa Oinezeko materiala ere.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun