Doneztebeko Gazte Burrunba indarberritzeko laguntza eskatu dute

Ttipi-Ttapa 2019ko mai. 7a, 08:15
Bestetako ekintza osagarriak, hitzaldiak, mendi-irteerak, afariak... antolatzeko asmoz Gazte Burrunba elkartea indarberritu nahi dute.

Doneztebeko herritar batzuk Gazte Burrunba elkartea indarberritzeko lanean ari dira. Horretarako, herriko gazte guztien laguntza eskatu dute. Horrekin, «gaur egun dagoen egoerari buelta bat eman eta hainbat ekintza antolatzea» dute helburu: «hitzaldiak, bestetako ekintza osagarriak, mendi-irteerak, afariak...».

Gogoa eta ilusioa badituzten arren, «inplikazioa eta laguntza» ezinbertzeko zaiela adierazi dute. Hortaz, Gazte Burrunba indartzeko bilera irekiak egiteko asmoa adierazi dute. Horren bidez, «elkartean solastatzen denaz informatzea» lortu nahi dute. Era berean, bilera horietan «bazkideen ekarpenak eta ideiak» jasoko dituzte.

Izen-ematea zabalik maiatzaren 31ra arte

Hori guztia aitzinera ateratzeko bazkide egiteko gonbidapena luzatu nahi izan dute. Interesa dutenek Gazte Burrunbara idatz dezakete (gazteburrunba@gmail.com). Honakoak dira eman beharreko datuak: izen-abizenak, telefono zenbakia eta kontu-korronte zenbakia. Maiatzaren 31ra arteko epea izanen dute eta urtean 20 euro ordaindu beharko dituzte. Informazio gehiago jaso nahi dutenek Maider Omarri (639 83 14 14), Jabi Apeztegiari (682 41 02 39) edo Julen Retegiri (676 85 51 02) dei diezaiokete.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun