Segurolak eta Endikak irabazi dute Sagardoaren txapelketa

Ttipi-Ttapa 2019ko mai. 6a, 08:15
Seguro eta Endika txapeldun eta Ezkurra II.a eta Garces, azpitxapeldun. Argazkia: Maialen Andres

Finalean 40-31 irabazi zieten Ezkurra II.a eta Garcési

Segurolak eta Endika Urrutia saldiastarrak eman diote Sagardoaren txapelketako txapela Petritegiri, larunbatean Galarretan jokatutako finalean Gurutzeta sagardotegia defendatu zuten Josetxo Ezkurra II.a eta Garcési 40-31 irabazi ondotik. Txapelketa borobila osatu dute Segurolak eta Urrutiak, jokatutako zazpi partidak nagusitasunez irabazita.

2016an ere elkarrekin lortu zuten txapela Segurolak eta Urrutiak eta hiru urte beranduago errepikatu egin dute. Finalean aitzinetik jarri ziren hasieratik (15-5), Ezkurra II.a hotz sartu zela baliatuz. Doneztebeko aurrelaria jokoan sartu zenean 20-15era hurbildu ziren urdinak, baina ez zuen markaailua gehiago estutzea lortu. Endikak final bikaina jokatu zuen eta bere lekuan utzi zituen kontuak, zazpi-zortzi tantuko aldeari eutsiz eta hamaerra ere ailegatuz (38-28). Azkeneanm 40-31 irabazi zuten txapeldunek. Endika izan zen finaleko onena, hiru tanto egin zituen sakearekin eta 16 piloteoan. Lau pilota bakarrik galdu zuen. Garcesek, aldiz, ez zuen bere egunik onena izan. Ezkurra II.ak 21 tanto egin zituen, baina ez ziren aski izan. Segurolak ez zuen lan handirik izan, baina seguru ibili zen. Hamar tanto egin zituen eta bi bakarrik galdu.

Sari banaketan, txapeldun eta txapeldun ordeei ez ezik, txapelketako aurrelari eta atzelari onenei sariak eman zizkieten. Urriza eta Barrenetxea IV.a izan ziren.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun