Ahari onenak sarituko dituzte maiatzaren 10ean Doneztebeko Udaberriko Ferian

Ttipi-Ttapa 2019ko mai. 7a, 07:30
Malerrekako ahari onenak sarituko dituzte ortziralean, Doneztebeko Udaberriko Ferian.

Malerrekako XII. ahari lehiaketa eta eskulangileen produktuak ere ikusgai izanen dira ortziralean

Maiatzaren 10ean (ortziralean) Merkatuko plazan ospatuko da Udaberriko Feria, Doneztebeko Udalak eta Cederna Garalur elkarteak antolatua. Ohi bezala, Malerrekako ahari lehiaketa ere egun horretan erabakiko da. Aurten, hamabigarren edizioa beteko du lehiaketak.

Ortzirale goizeko 11etatik 13:30era epaimahaikoek ekarritako ahariak aztertuko dituzte, ondoren sariak banatzeko. Sei sari banatuko dituzte: hiru ahari mutur gorriendako eta hiru mutur beltzendako. Kategoria bakoitzean lehendabiziko saria eskuratzen dutenek 120 eurona irabaziko dituzte, bigarren saria lortzen dutenek 70 eurona eta hirugarren saria irabazten dutenek 50na.

Lehiaketa honetaz gain, azken urtetan bezala, 10:00etatik 14:00etara Malerrekako eskulangileen feria ere eginen da eta beraien produktuak ikusgai eta erosgai izanen dira.

Zehazki, Doneztebeko Jose Luis Olaizolaren grabatuak, Doneztebeko Lourdes Goñiren Lule etxeko goxokoak, Zubietako Joxepa Loiarteren taloak, Zubietako Miguel Arregiren egur-lanak, Zubietako Santiago Huakderen egur-lanak eta kaikuak, Zubietako Maria Salanuevaren pomadak, Urrozko Marimar Torresen kosmetika naturala, Saldiasko Ahinitz Gerrikagoitiaren jantzi-osagarriak eta Eratsungo Malu Alvarezen zilar-lanak plazaratuko dituzte, baita Nafarroa Oinezeko materiala ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun