Dena prest dago Sagardoaren txapelketaren finalerako

Ttipi-Ttapa 2019ko mai. 3a, 08:15

Garcés, Seguro. Endika eta Ezkurra II.a, Sagardoaren txapelketako finalerako irrikitan.

Pilotak aukeratu zituzten Segurolak eta Endikak eta Ezkurra II.ak eta Garcesek, larunbatean jokatuko den partida handirako 

Petritegik eta Gurutzetak jokatuko dute maiatzaren 4an erremonteko Sagardoaren txapelketako finala. Edo gauza bera dena, Segurola eta Endika Urrutia saldiastarrak, Josetxo Ezkurra II.a doneztebarra eta Garcés izanen dituzte aurrez aurre Galarretan. Ortzegunean aukeratu zituzten pilotak final handirako.

Joan den urtean ere txapeldun izan zen Garcés, Urriza lagun zuela, finalean Xanti Uterga doneztebarrari eta Aritz Zubiri goizuetarrari irabazita. Josetxo Ezkurra ez da inoiz txapelketa honen finalean izan. Segurolak eta Endikak badakite zer den txapelketa hau irabaztea bikote moduan. 2016an egin zuten, Uterga eta Aizpuru III.ari irabazita finalean. Urtebete lehenago ere txapeldun izan zen Endika, Zeberio II.arekin. Uterga eta Olazar doneztebarrei irabazi zieten iorduan. Bertze behin txapeldun orde ere izan zen Endika, 2011n Urrutia herritarrarekin. Juaristi eta Olazarren kontra galdu zuten.

Aurten, txapelketako partida guztiak irabazita sartu dira finalean Segurola eta Endika. Aizarnazabalgo aurrelariak bi hilabete daramazki partida guztiak irabazten eta Endika ere sendo ageri da gibelean. Beharbada faborito aterako dira, baina Ezkurra II.ak eta Garcesek ere txapelketa polita jokatu dute. Larunbatean 16:00etan hasiko da jaialdia Galarretan.

 

Maiatzaren 2ko jaialdia

Finaleko pilota aukeraketa ortzeguneko jaialdiaren ondotik egin zuten. Jaialdiko emaitzak ez ziren onak izan eskualdeko pilotarientzat:

1. Goikoetxea V.a-Zubiri, 25; Otaegi-Labaka, 35

2. Urriza-Azpiroz, 40; Zeberio I.a-Barrenetxea IV.a, 25

3. Uterga-Agirrezabala, 32; Ansa II-Ion, 40

4. Urtasun-Arruarte, 15; Aldabe-Larrañaga, 30

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun