Ezkurra II.a eta Endika aurrez aurre izanen dira Sagardoaren txapelketaren finalean

Ttipi-Ttapa 2019ko api. 29a, 13:00

Ezkurra II.a eta Endika arerio izanen dira larunbatean Sagardoaren txapelketako finalean.

Doneztebeko aurrelariak eta Garcesek 36-40 irabazi zieten Urriza eta Zalduari larunbateko partida erabakigarrian

Petritegi sagardotegia ordezkatzen duten Segurola eta Endika saldiastarrak alde batetik eta Gurutzeta sagardotegiaren izenean Josetxo Ezkurra II.a doneztebarrak eta Garcesek, bertzetik, jokatuko dute datorren larunbatean, maiatzaren 4an, Sagardoaren txapelketaren finala.

Segurolak eta Endikak ortzegunean lortu zuten txartela eta Ezkurra II.ak eta Garcesek bertze horrenbertze egin zuten larunbatean. Gaztañagako Urriza eta Zaldua zuten arerio eta 36-40 irabaztea lortu zuten. Aritz Garces izan zen partidako onena, Urrizaren erasoei aurre egiteaz gain, erasora ere jo zuen. Partida berdindua joan zen bukaerara arte. Urriza eta Zaldua 29-28 eta 31-30 aitzinetik izan ziren azken aldiz. 33na, 34na eta 35na berdindu ondotik, Ezkurra II.ak pilotakada bikainak eman eta 1-4ko partzialarekin tanto bakarraren faltan gelditu ziren urdinak. Azken tanto hori, nola ez, Garcesek egin zuen.

Joan den urtean Urrizarekin aritu zen finalean Garces eta aurten, Ezkurra II.arekin ariko da. Aitzinean, aurtengo txapelketan partidarik galdu ez duten Segurola eta Endika izanen dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun